Aste honetan Tuvisako enpresa batzordeak autobusen eta hauek gordetzeko Agirrelanda kalean kokatzen den garajearen egoera "tamalgarria" dela salatu du. Era berean, Artiumeko parkinga eta lantegien egoera ere txarra dela gaineratu du. "Urte hasieran, Administrazio kontseiluak inbertsio faltagatik pairatzen ditugun arazo hauek konpontzeko konpromisoa hartu zuen". Egoera hau salatzeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Udaletxearen aurrean.
10 autobus berri 2017rako
Izan ere, Tuvisako Administrazio Kontseiluak Gasteiz 10 autobus artikulatuz hornitzeko kontratua Mercedes enpresari esleitzea onetsi du gaur, 3.550.000 milioi euroren truke. Tuvisako lehendakari Itziar Gonzalok azaldu duenez, "Gasteizko kaleetan 2017ko lehen hiruhilekoan ikusi ahal izatea espero dugu”.
Gonzalok udal gobernuak Tuvisarekin konpromiso argia duela gaineratu du. Ibilgailu berriak erosteaz gain, "kotxetegiak lekuz aldatzeko eta berdimentsionatzeko eta lantegiak eta bulegoak berritzeko proiektua garatzen jarraitu behar dugu. Gainera, garabi flota osoa berritu dugu, 4 unitate berri erosi eta dagoeneko lanean ari baitira, eta uniforme berriak izateko prozesua ere hasi dugu. Bestetik, azken urtean hobekuntza ugari egin dira Artiumeko aparkalekuan, hala nola kudeaketarako makineria berria instalatu, luminariak berritu, edo azpiegiturak zituen hezetasun arazoak konpondu”, azaldu du Itziar Gonzalok.