Gasteizko Abetxukuko zubi zaharra birgaitzeko proiektua behin betiko kontratatu eta gero, URAk urriaren 4an jarraituko du iaz hasitako lanekin. Zehazki, zubiaren ahalmen hidraulikoa handituko dute; Zadorra ibaiari ur-huste ahalmena handitzeko, eta etorriko diren ur handien sasoietako emariei ibaian behera joaten askeago uzteko. Era berean, azpiegitura babesteko egingo dira lanak, zubi zaharra kultura-ondarea baita. Horretarako, ibaiertzetan igotako lubetak hondeatuko dira, arku nagusi eta bi ertzetako lehen arku txikien arteko tartean; ur-huste ahalmena irabazteko. Bestalde, antzinako fabrika-egiturak babestu eta egonkortuko dira. Orobat, zubiak antzina zuen itxura berreskuratuko du hein batean.
Lanak iaz, 2015eko abuztuan, hasi ziren baina ezusteko geldialdia izan zuten; lanen enpresa esleipendunak porrot egin zuen eta lanak gelditu eta kontratazio-prozedura osoa berriro hasi behar izan zuten.
Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko lan hauek Uraren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak 2012an sinatutako hitzarmenean zehazten ziren. Hitzarmenaren helburua 2013-2021 urteen bitartean Zadorra eta Gasteizko hegoaldeko ibaietan lehengoratze lanak abian jartzea izan zen, uholdeen eraginak murrizteko asmoz. Lanen kostua 590.000 eurokoa da (BEZa barne) eta hiru hilabeteko epea dute.