Gasteizko mugimendu feministak emakume batek Gasteizen jasandako eraso matxista bat salatu du. Ohar batean jakinarazi duenez, erasoa irailaren 10ean (goizeko lauetan) gertatu zen, Gasteizko Gaztela kalean. Autoz zihoan gizon batek emakumea jarraitu eta erasotu zion. Emakumea urbanizazio batean babestu zen. Hurrengo egunetan udaltzaingora jo zuen salaketa aurkezteko asmoz, baina bertan gertatutakoaren partea soilik osatu zuen.
"Erasoa salatzeaz gain, beste behin udaltzaingoaren jarrera eta tratu desegokia salatu nahi dugu. Poliziak erasotuaren testigantza zalantzan jarri zuen, gertatutakoa kontatzean datuak falta zirela argudiatuz. Ez da kasu bakana izan, gehiagotan eman baita", salatu du mugimendu feministak.
Era berean, udaltzainek etxera lagunduta eta mugikorra eskuan bueltatzea gomendatu zioten emakumeari. "Gomendio horien bidez emakumeon askatasuna murrizten da, kalearen erabilpena egiteagatik estigmatizatuz eta kriminalizatuz. Modu horretan, errua emakumeoi botatzen digute kalera ateratzeagatik, kalera ateraz gero erasotuak izan ahal garela ohartarazten diguten bakoitzean", gaineratu du.
Egoera honen aurrean, jazarpenak, irainak eta poliziak zalantzan jartzeak ere erasoak direla gogorarazi dute mugimendu feministako kideek.