Lehenengo "ekoauzoa" izateko lanean ari dira Abetxukun

Anakoz Amenabar 2016ko ira. 23a, 11:21

Urtero elkartzen dira auzokideak zuhaitz landaketa egunerako. / Alea

Bi urteko lanaren ostean, "auzoaren beharrei" erantzuten dien proiektua aurkeztu du Uribe Nogales auzokide elkarteak.

"Erotuta gaudela? Bai, zertxobait bai, erotasun apurrik gabe hau ez dagoelako mugitzerik", aitortu du Abetxukuko Uribe Nogales auzokide elkarteko bozeramaile Oskar Gonzalezek. Auzoa "biziberritzeko" asmoz, lehendabiziko bilerak egiten hasi ziren duela bi urte, eta lan horren emaitza aurkezten ari dira egunotan.

Abetxukuko bazterrak arakatu eta goitik-beherako azterketa sakona egin ostean, hiru atal nagusi dituen proiektua aurkeztu dute: zaharberritzea eta hirigintzari dagokiona,  ingurumena indartzeari dagokiona, eta gizarte lanketari buruzkoa. Atal horietan jasotako azterketa eta proposamen guztiekin 32 orriko txostena prestatu dute, Gasteizko Udalean ere aurkeztu dutena. "Harrituta geratu dira egindako lanarekin, baina baikor gaude; auzo honek aukera ugari eskaintzen dituela jakin badakite teknikariek". Epe luzerako proiektua da prestatu dutena, zabala, baina lehenengo pausoak emateko "baliagarria" izan daitekeela uste dute. 

Proposamenen artean, Ekoherria izeneko egitasmoa da nagusi, Gonzalezek azaldu moduan, Abetxuku Gasteizko Eraztun Berdean barnebiltzea helburu duena: "Orain hiritik kanpo geratzen gara eta Eraztun horrek auzoa indartzen lagunduko luke". Horretarako, besteak beste, Abetxuku eta Gamarra arteko Zadorraren eskuineko bazterra prestatu edota hainbat zuhaitz landatzeko ekimenak proposatu dituzte; duela bi urte landatu zituzten auzokideek eurek lehenengo zuhaitzak eta 5.000 bat landatu arte egitasmoarekin jarraituko dutela gogoratu dute. 

Hain zuzen, Ibaiondo kalea eta Zadorra ibaiaren arteko esparrua da "lehentasuneko" atala auzokideentzat, Gonzalezek azpimarratu moduan. Sastrakak kendu eta orubea txukundu ostean, egin daitezkeen hainbat proposamen bildu dituzte txostenean: bidegorri bat, aparkaleku txiki bat, herriko katuentzako etxola bat, begiratoki bat edota haurrentzako gunea aurreikusi dituzte. "Zonalde honekin hasi nahiko genuke, premiazkoa dela uste dugu, eta bi urtetan prest izatea  gustatuko litzaiguke". 

Eztabaidarako tartea

Aurkeztutako proposamenak ezagutu eta eztabaidatzeko tartea izango da hurrengo egunetan, auzoko jaiekin batera. Mikelin jai alternatiboetan auzoari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte irailaren 24tik urriaren 2ra, eta auzokideek proposatutakoak mahai gainean jarri ahal izango dituzte aditu eta alderdi politikoetako ordezkariekin. "Erantzunak behar ditugu orain: zeri heldu, nola egin, nondik hasi...", aipatu du auzokide elkarteko bozeramaileak, eta horretarako, Andres Illana ekologista edota Jose Angel Cuerda alkate ohia izango dira hizlari. "Hain zuzen, Cuerda izan zen ekoauzo bat abian jartzeko lehenengo proposamena egin ziguna duela bi urte, Zadorra alboko zelaian burnizko murru bat jarri behar zutela-eta  protestan ari ginela". Protesta hartan jabetu ziren auzoan "lan handia" zegoela egiteko eta orduan hasi ziren batzordeak antolatu eta proiektua prestatzen.

Hamaika lantalde dira gaur egun ia astero biltzen direnak, baina adin tarte guztietara heltzeko zailtasunak dituzte: "Faltan botatzen ditugu gazteak; beharbada hauek zaharren kontua direla uste dutelako, baina oraindik ez dugu erakartzea lortu". Hainbat gaztek Javier Maroto alkate izan zenean bilera izan zutela gogoratu du, eta orduan egin zizkieten hainbat promesaren "zain" jarraitzen dutela esan du. Gazteak erakartze aldera, hurrengo hilabetean irrati libre bat martxan jartzeko asmoa dutela gogoratu du Gonzalezek eta beste ekintza batzuk ere izango direla.      

Auzokide berriak ere auzoko jardueretan parte hartzera deitu dituzte auzokide elkartekoek. "Jende berri ugari heldu da eta aukera ederrak ditugu, laster gurekin izatea nahiko genuke". 

Horma-irudiak

Ideiak ez dituzte falta auzoari "buelta" emateko. Bertako artista baten eskutik, esate baterako, horma-irudien ibilaldia antolatu nahi dute, eta dagoeneko egin ditu lehendabizikoak. Herritarren artean kudeatutako oilategi bat ere antolatzeko ideia proposatu dute, tokiko kontsumoa eta ekologikoa sustatuko dituena, eta Ancora irin fabrika zaharra Zadorra ibaiaren inguruko interpretazio gune bat izan daitekeela uste dute. "Herria geldirik ikusten dugu momentu honetan eta bizirik nahi dugu, horretarako behar dena egingo dugu".

 Asteburuan hasiko diren auzoko jai alternatiboekin batera –Mikelin jaiak– ezagutzera emango dituzte auzokideen artean jasotakoak eta ekarpenak egiteko aukera ere izango dute jardunaldietan.  

 

 

Mikelin jaiak: 

Larunbata, 24

11:30 Zadorra ubide inguruan ibilaldia. Familia guztiarentzat. 

Igandea, 25

11:00 Zadorra ubide inguruan ibilaldia. Familia guztiarentzat.

Asteartea, 27

19:30 Zer da Eko-auzo bat? hitzaldia eta eztabaida. Gaztelaniaz. Hizlariak: Jose Angel Cuerda, Fernando Arrikagoitia Cibeles, Andres Illana eta Luis Andres Orive. Auzokide elkartean.

Asteazkena, 28

19:30 Ekoherri proiektua aurkeztuko dute. Auzokide elkartean.

Osteguna, 29

19:30 Zadorra paradisu naturala ote da? hitzaldia eta eztabaida. Gaztelaniaz. CEA zentroa, URA agentzia eta Zadorra Bizirik plataformako kideekin. Auzokide elkartean.

Ostirala, 30 

19:30 Ekoherri proiektuaren inguruan eztabaida, alderdi politikoetako kideekin.

Larunbata, 1

10:30-14:30 Zadorra inguruan jolasak eta herri bazkaria.

20:00 Poteoa, txistulariak eta bertsolariak.

21:30 Rock eta reggae kontzertuak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago