Zabalganan trena lurperatzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2016ko ira. 21a, 18:17

Egungo ibilbidea erabiliz, 1,6 kilometro lurperatzea posible dela argudiatu du alderdi politikoak. 30 milioi euroko kostua izango luke.

 

EH Bilduk legegintzaldi honetan Gasteizen trenaren lehen fasea lurperatzeko plana aurkeztu du. Gasteizko udal taldeko bozeramaile Miren Larrionek, eta Ibon San Saturnino hautagaiak azaldu dutenaren arabera, kostua 240 milioi eurora murriztuko luke plan honek, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 500 milioi euroen erdia.

 Alderdiak azaldu duenez, Unai Fdz de Betoñok, arkitektura doktoreak eta EHUn hirigintza irakasleak, prestatutako proiektuaren dokumentazio teknikoak argi utzi du gaur egungo ibilibidetik trena lurperatzea 7 kilometrotik 5 kilometrora murriztu daitekeela. "Gutxiago zulatu egin behar denez, obraren aurrekontua nabarmen merketzen da".

Gaur egungo trenaren bidea, bereziki Gasteizko mandebaldean, ia lurperatuta dago hainbat zatitan eta egoera hori baliatzea proposatzen du EH Bilduk: "Ezaugarri fisiko hori erabili behar da Zabalganatik San Martinera doan 1.600 metroko zati osoa lurperatzeko. Mendebaldean kokatzen den Mariturriko Bulebarretik, ekialdean dagoen Pedro de Asua kaleko biadukturaino, hain zuzen ere", zehaztu du alderdiak.

Lehen fase honen kostua 30 milioi euroko izango litzateke. Diru kopuru horren ordainketaren portzentaiak 2009. urtean adostatutakoa izatea proposatu du EH Bilduk, hau da, "Espainiako Gobernuak 15 milioi euro, 7 milioi Jaurlaritzak, eta gainontzeko 8 milioi euro, erdi bana Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean ordainduko lukete".

 Proposamen honekin, herritarrek espazio publikoa irabaziko lukete. Izan ere, trena lurperatzeak  aske utziko lituzke 190.000 metro koadroko lurzorua, ia 19 futbol zelaien azalera eta alderdiaren nahia da gasteiztarrek erabiltzeko eremu bihurtzea. "Aldiz Jaurlaritzaren proiektuak ez zuen inolako zentzurik. Ez da bidezkoa lurzoru publikoak espekulatzeko saltzea beharrezkoak ez diren milaka etxebizitza eraikitzeko helburuarekin", gogorarazi du Larrionek.     

  Azkenik, EH Bilduko ordezkariek argitu dute aurkeztutako lurperatze plana erabat bateragarria dela Arabatran proiektuaren garapenarekin. 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago