Gazteen artean indarkeria sexistari aurrea hartzeko lanari jarraituz, Gasteizko Udalak Beldur Barik Jarrera lehiaketaren seigarren edizioa abian jarri du, 2016ko Beldur Barik kanpainaren barruan. Ikus-entzunezkoen lehiaketa da, udalerrian bizi diren 12 eta 26 urteko gazteei zuzenduta. Lanak aurkezteko epea azaroaren 9ra arte egongo da zabalik.
Aurreko edizioetan bezala, Beldur Barik Jarrera hobekien transmititzen duten gazteen adierazpide artistikoak sarituko dira, hots, genero arauak hausten dituzten jarrera guztiak; neska-mutilek elkarri hartuta kultura matxistari nola aurre egiten dien islatzen dituzten jarrerak; beldur barik, aske eta autonomiaz nola mugitzen garen erakusten dutenak… Kalikate tekniko edo artistikoa baino gehiago mezuaren kalitatea balioetsiko da, gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, batez ere nesken ahalduntzea eta mutilek indarkeria matxistari bukaera emateko konpromisoa edo erantzukizuna beren gain hartzea bultzatzen dutenak.
Gero eta partaide gehiago
2015ean 26 lan aurkeztu zituzten gazte gasteiztarrek. Guztira 233 pertsonak hartu zuten parte.
Informazio gehiago: www.beldurbarik.org