Irailaren 23tik 25era bitartean Gasteizko Erdi Aroko Azokaren XV. edizioa ospatuko da. Aurten, 300 saltoki, 273 ikuskizun, 21 konpainien eskutik, izango dira Erdi Aroko Azokaren egitarauan. Helburua iazko 200.000 bisitak gainditzea izango da. Aurtengo berritasunen artean, Gauekoak elkarteak, Valinor kultur elkartearekin batera, antolatu duen rol-jokoa aurkitzen da. Mundu guztiari irekia izango da jarduera eta bertan, parte-hartzaileek zein begiraleek garaiarekin bat egiten duten mozorroak jantzita, beren paperak antzeztuko dituzte hirigune historikoan. Parte hartzeko aski da egun horietan Eskoriatza-Eskibeleko lorategira jotzea.
Gaueko ikuskizunak
Aurtengo programazioan gaueko ikuskizunak nabarmentzen dira: Meigen gaua (ostiralean, 22:30ean) eta Dontzeila gerlaria (larunbatean, 22:30ean). Santa Maria plazan izango dira, eta diseinu koloretsua izango dute, animazioa, musika, dantza, antzerkia, sua eta piroteknia. Berritasun gisa, berariaz Gasteizko Erdi Aroko Azokarako sortutako bi ikuskizun izango dira igandean: Aihotzeko zin egitea, izen bereko plazan, 12:30ean, eta Egun bat judutegian, 14:00etan Euskaldunberri plazan, sefardien kulturara inguratzeko aukera, istorioak eta herri-ipuinak tarteko.
Ikuskizun ugari eskainiko dira azokan, animazioa, antzerkia eta musika eskainiko dituzten 21 konpainiari esker. Guztira 138 ikuskizun finko (gaueko ikuskizunak, zirkoa, Ekialdeko dantza, malabarismoa, kontzertuak) eta 135 ikuskizun ibiltari eskainiko dituzte.
Ofizio zaharrak, Buruileria plazan
Aurten azokak espazio bat berreskuratuko du, Buruileria plaza, hain zuzen ere. Ofizio zaharren hainbat lantegi izango dira bertan, Inkisizioaren garaiko tortura-ganberaren erakusketa , eta hainbat antzezpen: ipuinak, istorioak, koplak eta erromantzeak. 32 ofizio zahar Erdi Aroko hirigune osoan barrena banatuko dira, baina bereziki inguru horretan egongo dira presente.
Haurrentzako txokoa
Erdi Aroko Azokako Haurrentzako Txokoak 40 jarduera desberdin izango ditu oraingo honetan , bi espaziotan banatuta: San Migeleko balkoian, non eskuz landutako eta eskuz funtzionatzen duten atrakzioak jarriko diren, eta Frai Zacarias Martinez kalearen atzeko aldea. Bertan, haur-katapulta, Erdia Aroko justa eta ezkutuak egiteko nahiz arkuz tiratzeko lantegiak izango dira.