Azken urteotan sormenak sekulako balioa hartu duela esanez, ez dizuet ezer berririk kontatuko. Hainbesteko ospea hartu du, sortzailea izateko eta sormena lantzeko beharra grina izatera iritsi dela, estresa sortzeraino.
Ez dizkizuet aipatuko sormena lantzeko, garatzeko, hobetzeko, elikatzeko, landatzeko, ongarritzeko, sustatzeko teknikak, formulak, ariketak edo pausuak, dagoeneko gogaituta egongo baitzarete. Kontrakoa baizik, orain gutxi irakurritako artikulu baten, sormena oztopatu, frenatu, akatu dezaketen faktoreak aipatzen ziren eta batek atentzioa eman zidan, honetxek: inguruan "gustuko ez ditugun pertsonak" izatea da.
Guztiok daukagu gure inguruan gogaitu, aspertu, nekatu egiten gaituzten pertsonak, zulo beltzek argia bezala, beraien negatibitateak energia kentzen diguten horiek… Pertsona hauekin ezinezkoa da sormenari eragitea, benetan. Egon zaitezte hauengandik ahalik urrutien!
Halaber, kontrakoa ere gertatzen da, inguruan pertsona irudimentsua, jakinmin askokoa, geldiezin horietakoa –hitz batean, sortzailea daukagunean– geure hoberena emateko xaxatuko gaitu… sortzaile izatea kutsatu egiten baita. Sormena eskuratu, landu eta entrenatu egin badaiteke, molde batekoa (sortzailea) edo bestekoa (anti-sortzailea?) izatea hautu pertsonala dela esan daiteke, ezta?
Eta zu, ze motakoa zara? Inoiz pentsatu duzu honen inguruan? Nirekin ados egongo zara, irakurle, hobe pertsona inspiratzailea eta bizigarria izatea… izan zaitez, beraz, sortzailea.