"Ekomomiaren zifra onak kalitatezko enpleguan islatu behar dira"

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 15a, 14:20

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia. ARG: Saioa Fdez de Aranguiz

Arabako ekonomiak utzi dituen zifra onak hurrengo urtean soldata duinetan islatuko direla uste du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ALEAk egindako elkarrizketan.

 

Arabako Diputazioaren kudeaketak bi oinarri izango zituela adierazi zuen Ramiro Gonzalezek (Burgos, Espainia, 1962) ahaldun nagusi kargua hartu zuenean, 2015. urteko ekainaren 30ean: batetik, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, eta bestetik, Arabako zerbitzu publiko eta sozialak berreskuratzea. Ardatz horien inguruan, gobernu akordioa erdietsi zuen EAJk PSErekin, eta ondoren, EH Bildurekin aurrekontuak adostea lortu zuen foru gobernuak. Urtebete pasatxo igaro da, eta balantze "positiboa" egin du ahaldun nagusiak, sozialistekin "herrialdearen beharretara erantzuten duen akordioa" dutelako, eta ezker abertzaleari "kemena" eta "gogoa" antzeman dizkiolako.

Araban ekonomia suspertzen ari dela adierazi duzu orain dela gutxi; haatik, abuztuko langabeziaren datuen arabera, EAEn enplegua oso motel ari da berreskuratzen, iraupen luzeko langabetuen kopurua handia da, eta lan prekarioak eta ez finkoak nagusitu dira.

Legegintzaldiaren lehen urtean zifra handietan sendotu da susperraldi ekonomikoa: produkzio industrialean oso datu onak izan ditugu, %10 igo da; esportazioetan ere %20ko igoera izan dugu, eta 3.000 langabe gutxiago ditugu. Datuak onak dira, baina ez da nahikoa, susperraldia benetakoa izango da langileenganairisten denean. Egia da lana sortzen ari dela, egia da ere kalitatezko enplegua apurka-apurka berreskuratzen ari garela, baina aurretik bide luzea dugu; hobekuntza ekonomikoa ez da iritsiko herritarrengana lehenik zifra handietan gauzatzen ez bada. Bigarren urte honetan zifra onak kalitatezko enpleguan islatu behar dira; alegia soldata duinetan, eta lanaldi osoetan.

Behin baino gehiagotan nabarmendu duzu industria izan behar dela Arabako ekonomiaren eta enplegua sortzearen motorra. Zer industria motaz ari zara?

Industria motorra izan behar da, Araba lurralde esportatzailea delako, herrialdearen Barne Produktu Gordinaren %32 esportazioaren menpe dagoelako; bestalde, industriak sortzen duen enplegua kalitatezkoa da, zerbitzuen sektoreak sortzen duen enplegua baino askoz duinagoa, soldata, lanaldi eta baldintza hobeagoak. Halaber, inguruko jarduera ekonomikoak sustatzeko balio du industriak. Urte honetan automobilaren industria izan da gure ekonomiaren motorra, sektore horretan oso indartsuak garelako, baina aurrera begira beste sektoreetan inbertitu behar dugu, aeronautikan esate baterako, bioteknologian... egungo ekonomia globalean lehiakorrak izango gara soilik ezberdintzen baldin bagara eta berrikuntzan lan egiten baldin badugu; ezin dugu lehiatu soldata kostuak murrizten, hori ez da gure eredua, kalitatean eta berrikuntzan inbertitu behar dugu.

Ramiro Gonzalez

Eta sektore horietan zer inbertsio egiten ari da Arabako Diputazioa?

Arabako Diputazioak egin dezakeena da enpresak lagundu, euren beharrak ezagutu, eta soluziobideak eskaini; berrikuntzan, formakuntzan inbertitu, eta lurzorua eskaini baldintza egokietan, industria poligonoetan ditugun partzela libreetan. Testuinguru honetan ez dut ahaztu nahi ezinbesteko faktore bat: hain zuzen ere, logistikak eskaintzen dituen aukerak; kokapenagatik eta azpiegiturengatik (Jundiz, Foronda, Arasur) Europako gune logistiko inportantea bilakatzeko aukerak ditu Arabak.

Ez dirudi milaka eta milaka kamioi Arabako errepideetatik gora eta behera ibiltzeak zerikusi handia duenik berrikuntza eta garapenarekin. 

Jundizeko gune multi-modalari buruz eta Arasurreko trenbide bazterrari buruz ari gara, badakigu errepideko merkantzien garraioa ez dela etorkizuneko eredua, baina egun logistika berrikuntza da, eta ez du zerikusirik antzinako biltegi handiekin non merkantziak pilatzen ziren, eta hala moduz banatzen ziren; egun, gune handiak dira, robotizatuak, eta berrikuntza handiak baliatuta merkantziak munduko edozein tokira eramateko gai dira, denbora laburrean. Logistika interesatzen zaigu aukerak zabaltzen dizkiolako hemengo industriari, lehiatzeko aukera gehiago ematen dizkiolako, merkantziak errazago mugitzea ahalbidetzen dielako. 

Arasur eta Foronda behin betiko gauzatzen ez diren egitasmo ekonomikoen artean daude; posible ikusten al duzu legegintzaldi honetan lurraldearen garapenaren zutabe gisa finkatzea?

Arasurren trenbide bazterra eraikitzeko lanak hasi dira, eta 2017. urtean amaituko dira. Azpimarratu nahi dut obrak hasi direnetik Arasurren kokatzeko interesa handitu dela enpresen artean. Zuhurtziaz ari naiz, oraindik ez delako ezer zehaztu, baina argi dago Arasur bezalako poligonoa trenbidearekin lotu behar dela; gure asmoa da Bilboko Portuaren bultzada aprobetxatu eta plataforma logistiko hori pixkanaka suspertzea. Traba asko gainditu behar izan ditu Arasurrek.

Eta Foronda?

Lehiaketa publikoaren bidez, eta zailtasunei aurre eginez, ahalegin handia egingo dugu bidaiarien hegaldiak erakartzeko.

Aurreko esperientzia ikusita, Ryanairrekin negoziatzeak ez dizu beldurra ematen?

Mahai gainean faktore ezberdinak ditugu: batetik aurreko esperientzia negatiboa dugu, baina egia da orain aldez aurretik lan egokia egin dela, eta, bestetik, Ryanair munduko kostu baxuko konpainien liderra da. Zer egin dezakegu horrekin? Konpainiaren jarraikortasuna bermatzen duen baldintza-agiri bat osatu dezakegu, eta hori da egin duguna. Kostu baxuko konpainia bat finkatzeak balio behar digu beste konpainia batzuk ekartzeko; hurrengo urteetan lortu behar dugu beste konpainia batzuk ikus dezaten Foronda zabalik dagoela, eta erabili daitekeela. Eragozpen bat dugu, Aenaren murrizketa, nik uste dut Foronda 24 orduz zabalik egon behar dela, bestela oso zaila da konpainiei saltzea Forondak baldintza ezin hobeak dituela hemen kokatzeko.

Baina erabakia ez dago Diputazioaren eskuetan.

Espainiako gobernuaren eskuetan dago.

Foru gobernuaren bigarren ardatza zerbitzu sozialak berreskuratzea da. Aurreko legegintzaldian egindako murrizketei aurre egin zaie?

Lehenengo eta behin esan behar dut oso testuinguru korapilatsuan sartu ginela, batetik jarduerarik eza nabaria zen zerbitzu sozialen esparruan, eta bestetik zubi guztiak moztuta zeuden, langilegoarekin eta beste instituzioekin, udalak, Jaurlaritza... Egoera horri buelta eman diogu, ez ditugu murrizketarik egin, eta gainera urratsak egin dira Arabak zerbitzu sozialen esparruan aurretik zuen lidergoa berreskuratzeko. Testuinguru horretan aitortu eta azpimarratu behar dut EH Bildurekin sinatutako aurrekontuak oso inportanteak izan direla ikuspuntu sozial batetik; esate baterako, aurten 14.000 lagun gehiago sartu dira Etxeko Laguntzen Zerbitzuan, eta urratsak egin ditugu herrialdeko egoitzetan plaza kopurua handitzeko.

Noiz sinatuko da Arabako Zerbitzu Sozialen Maparen akordioa?

Gainerako instituzioekin akordioa lotuta dago jada, eta sinadura jartzea falta da.

Trebiñu sartuko da mapa horretan?

Mapa horretan Trebiñuko biztanleen beharrak asetzen saiatuko gara, herrialdeko beste herritarrenak bezala, eta hala adierazi diegu bi udalei. Tresnak desberdinak dira, Trebiñu artatzeko modu bakarra hitzarmenak dira, eta horrenbestez udalei eskatu diegu –eta hala egiten ari dira– hitzarmenen bitartez landu ditzakegun gaiak trasladatzeko, beti ere kontuan izanik epaitegiek Trebiñurekin diren hitzarmenak bertan behera utz ditzaketela.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 74. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago