Aldundiak tranbia unibertsitateraino eramatea onartu du

Erredakzioa 2016ko ira. 13a, 13:11

Tranbiaren luzapen honek Gasteizko autobus eta tren geltokiak lotuko ditu. 2,5 milioi euro bideratuko ditu Diputazioak.

 Gaur goizean Arabako Foru Aldundiak Gasteizko tranbia Unibertsitateraino eramango duen luzapena egiteko akordioa onartu du. Guztira,  2,5 milioi euro bideratuko ditu 2017-2018 biurtekoan, Gasteizko tranbia Angulemako azkeneko geltokitik Arabako Campusera eramateko. Proiektu honi esker, tranbiak autobus eta tren geltokiak lotuko ditu.

 Diputatuen Kontseiluak gaur eman dio oniritzia, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak hala proposatuta, Euskotrenen (Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoa), Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza arautzen duen hitzarmenari, Arabako tranbia sistema handitzea finantzatzeko. Laster sinatuko da hiru erakundeen arteko hitzarmena.

Proiektu honekin tranbia hiriko hegoaldera eraman nahi dute. Aurrekontua 14,35 milioi euro dira, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean ordainduko da.

Jaurlaritzak kostuaren % 65 hartuko du bere gain, hau da, 9,3 milioi euro; Aldundiak % 17,5 finantzatuko duela esan du, 2,5 milioi baino gehiago, eta Gasteizko Udalak kopuru berdina finantzatuko du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago