75 ikuskizun eskainiko ditu aste honetan Magialdiak

Erredakzioa 2016ko irailaren 12a

11 herrialdetatik etorritako 35 artistatik gora arituko dira hirian. Igandera bitartean ospatuko da Gasteizen.

Gasteiz magiaren hiriburu bilakatuko da aste honetan; gaur hasita, igandera bitartean, Magialdia, Gasteizko Nazioarteko Magia Jaialdiak Magialdia ospatuko baita.

Beste edizio batzuetan bezala, Magialdiak abangoardiako ikuskizunak aurkeztuko ditu, kalitate handikoak eta gure hirian inoiz ikusi gabeak; 35 artista gonbidatu baino gehiago ikusi ahalko dira, 11 herrialdetatik etorritakoak: Korea, Frantzia, Ingalaterra, Suitza, Japonia, Errusia, Argentina, Finlandia, Hungaria eta Txile. Guztira 75 ikuskizun, hiriko 25 agertokitan.

Gainera, 350 mago profesional eta amateurrek Europa biltzar etxeko lan jardunaldi espezializatuetan hartuko dute parte.

Bestetik, aurtengo edizioan bertako bi magoren lana aurkeztu eta aitortuko da, ekainean Granadan egindako azken Magia Biltzar Nazionalean sarituak izan baitira: Imanol Perez de Albeniz (D’Albéniz), manipulazio espezialitateko 2. saria lortu zuena, eta Antonio Perez (Señor Pérez),  magia orokorreko espezialitatean ikusizko emanaldi onenaren saria eskuratu zuena.

Ikuskizun guztiak dohainik eta sarrerik gabekoak dira, hauek izan ezik: Principal Antzokiaren gala, haurrentako magia gala, magia solidarioko festa eta nazioarteko gertutako magia gala.

Egitaraua osoa: Magialdia 2016 egitaraua

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago