Koroatze auzoa birgaitzeko proposamenak ikusgai Aldabe gizarte etxean

Erredakzioa 2016ko ira. 12a, 13:37

Arriagako atean egin nahi dituzten aldaketak.

Erakusketak astelehenean zabalduko ditu ateak. Bertan bizilagunek ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Datorren astelehenetik aurrera, Koroatze auzoko espazio publikoa hobetzeko, SmartenCity egitasmoaren baitan, egin nahi dituzten esku-hartzeen proposamenak ikusteko aukera izango dute bizilagunek.

Proiektu honetako jarduera-ildo nagusietakoa da zoladurak, altzariak eta lorezaintza hobetzea, kaleak eta plazak berritzea, eta argiteria publikoaren sistema eraginkorragoa ezartzea. Zentzu horretan, Udalak bi milioi euroko aurrekontua dauka ekintzak gauzatzeko, eta ekintza horiek Koroatze auzoko bizilagunekin adostutakoak izatea nahi du.

Jarduera-eremu hori Koroatze kaleak, Domingo Beltran kaleak, Badaia kaleak eta Arriagako ateak mugatzen dute.

Udaleko teknikariek azken hilabeteetan zehar auzoko leku interesgarri batzuk identifikatu dituzte, eta horietan espazio publikoaren kalitatea hobetzeko esku hartu nahi dute, esate baterako: Aldabe plaza, Ziudadela plaza, Arriagako atea (Antepara kalearen eta San Ignazio kalearen artean), Kutxa plazako berdeguneak eta auzoan dauden oinezkoen pasabide batzuk. Altzari publikoak eta argiteria ere hobetuko dira, eta beroa banatzeko sarea instalatzeko behar diren zangak egingo dira.

Erakusketa

 Bideratzaile batek eskainiko du arreta erakusketan, eta bertara hurbiltzen diren pertsonei lagunduko die proiektuak interpretatzen. Gainera, hala nahi duten herritarrek beren ustez beharrezkoak diren beste batzuk iradoki ahal izango dituzte.

Erakustaldia irailaren 12an irekiko da Aldabeko gizarte etxean eta bertan bisitatu ahal izango da irailaren 24ra arte, astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 12:30era eta 18:00etatik 20:30era ordutegian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago