Gasteiztarrek aurkeztutako proiektuak bozkatzeko epea zabalik

Erredakzioa 2016ko ira. 26a, 11:53

Aukeratutako proiektuak 2017ko aurrekontuen kontura gauzatuko dira.

Irailaren 26tik aurrera, gasteiztarrek "Mejorando Gasteiz Hobetuz" partaidetza-programan aukeratutako 67 proiektuen artean bozkatzeko aukera izango dute. Aukeratutako proiektuak 2017ko aurrekontuen kontura gauzatuko dira.

67 proiektu horiek gasteiztarrek aurkeztutako 203 proiektuen artetik aukeratu dira, teknikoki eta ekonomikoki bideragarritzat jo ondoren.

"Legegintzaldi honetan metodologia parte-hartzailea baliatu nahi dute udal aurrekontua prestatzean, eta hauxe da bide horretako lehen pausua, oso pausu garrantzitsua gainera" adierazi du Isabel Martinez zinegotziak.

Aukeratutako proiektuak mota desberdinetakoak dira: Serafin Ajuria eta Adriano VI.aren kaleko zuhaitzak berreskuratzea, Konstituzio plazako irisgarritasuna hobetzea, hiriko hainbat kale eta plazatako jolas eremuak berritzea, Enrique Eguren eta Teodoro Gonzalez de Zarate kaleak oinezko bihurtzea, edo espazio berdeak babestea, besteak beste.

 67 proposamenak bost eremutan sailkatzen dira eta herritarrek hiru eremu desberdinetako hiru proiektu aukeratu beharko dituzte ezinbestean: Gasteiz Green,Aisialdi eta topaketarako guneak, Gasteiz hiri seguruagoa, Hezkuntza eta sentsibilizazioa eta Gasteiz etengabe ari da eraberritzen.

Bozketen emaitza kontuan hartuta proiektuen zerrenda bat osatuko da, eta udal gobernuak horietako lehenak sartuko ditu 2017ko udal aurrekontuetan, programa honi esleitutako hiru milioi euroko kopurua agortu arte.

Irailaren 21etik 24ra bitartean proiektu hauei buruzko informazioa izango da Europa biltzar-jauregiko Green aretoan.

 

Nola bozkatu?

Ondoren, bozketa egingo da irailaren 26tik urriaren 9ra bitartean biak barne, udalaren web-orrian  edo gizarte etxeetan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago