Bi hasieraren berri eman digute komunikabideek aste honetan: eskola-ikasturtearen hasiera eta hauteskunde kanpainaren hasiera. Bietan argazkiak eta itxura oneko diskurtsoak nagusi, nabarmenago betiere hauteskunde kanpainaren kasuan. Herritarren konfiantza –botoa– eskuratzen saiatuko dira hautagaiak, eta horretarako, besteak beste, hezkuntzaz hitz egingo digute ozenki, denok osatzen dugun jendartearen etorkizunaz.
Irrati-telebistetako eztabaidetan ohikoa izaten da politikariek zein bestelako solaskide jakintsuek azpimarratzea hezkuntzaren garrantzia. Hori gertatzen denean, hitzez hitz ez bada ere, honako pentsamolde hau adierazten da sarri askotan: eskolak konpondu behar dituela jendarte bezala ditugun problema nagusiak.
Nolanahi ere, Afrikako esaera batek esaten omen duen bezala, tribu osoa behar da ume bakoitza hezteko; eskolak berez egiten duenarekin ez da nahikoa. Hartara, eta gutxienez, bi laguntza ezinbesteko ditu eskolak egozten zaizkion zereginak egoki beteko baditu: inbertsio handiagoa baliabide gehiago izan ditzan eta gainerako eragileek norabide berean jardutea, familiek bereziki, eskolak bultzatzen dituen balioek balio izan dezaten ikastetxearen eremu akademikotik kanpo.
Erraz jartzen ditugu zama eta eskakizuna hezkuntza sistemaren gainean. Egunerokoan geuk nola jokatzen dugun erreparatzeke. Hainbat eta hainbat hezitzaile onen ahaleginak kontuan hartzeke.