Instagram sare soziala protagonista izango da asteburuan Gasteizen. Izan ere, sare sozial honen tokiko erabiltzaileek osatzen duten @IgersGasteiz komunitateak hirugarren urteurrena ospatuko du, AnIgersarioGasteiz, hain zuzen ere. Ospakizun honek ekarriko ditu hirira sare sozial horren inguruan estatuan eratu diren hainbat taldetako ordezkariak. Datorren astebururako aurreikusitako jarduera-programaren barruan Phil Gonzalez nabarmentzen da, munduko Instagramerren fundatzailea. Kontuan hartzeko beste izen bat Dani Parra da, @IgersMadrid taldearen managerra. Parrak argazkigintza mugikorraren masterClass teorikoa eta praktikoa emango du, editatzeko gaitasunak ikasi eta hobetzeko.
Saio horietaz gain, aisialdiko jarduera anitz antolatu dituzte, besteak beste, Erdi Aroko hiriguneko lau elizara egingo dute bisita. Larunbatean egingo da, 17:30ean. Ondoren, epaimahai batek Instagramera igotakoen artetik hiriko bi argazki aukeratuko ditu, AnIgersarioGasteiz III. edizioaren uneak agertzen dituztenen artean, eta horiek saritzeko bi lagunentzako pakete turistikoa eskainiko zaie, Gasteiz hobeto ezagutzeko.
Igandeko ekitaldien artean InstaWalk bat nabarmentzen da, alegia, Salburuko hezeguneetan zehar ibilaldia egitea.
Informazio gehiago: www.anigersariogasteiz.com