“Denentzako mundua, ezintasunak gainditzen” erakusketa Araba aretoan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko ira. 5a, 10:35

50 lan inguru biltzen ditu ONCEk antolatutako argazki erakusketak.

Araba Aretoak ONCEk antolatutako “Denentzako mundua, ezintasunak gainditzen” argazki erakusketa jasoko du datorren irailaren 24ra bitartean. Bertan, itsuen erakundeak urtero antolatzen duen argazki lehiaketan sarituak izan diren argazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak.

Erakusketaren ardatz nagusia "esfortzuaren eta gainditzearen eredu gisa, oztopoak gainditzeko ikusmen desgaitasunak dituzten pertsonen arazoen inguruan hiritarrak kontzientziatzea" dela azaldu du Fernando Aranguiz, Vital Fundazioaren presidenteak.

Guztira 1.741 lan aurkeztu dituzte aurten 15 urte bete dituen lehiaketara eta 55 herritako 491 argazkilarik parte hartu dute. Argazki gehien bidali dituzten herriak Espania, India, Errusiar Federazioa eta Argentina izan dira.

XV Argazki Lehiaketaren sarituen zerrenda honakoa da (ikusgai dago www.oncefoto.es atarian). 1. Saria: Nguyen Vu Phuoc (Ho Chi Min, Vietnam)- Save water;  2. Saria: Tuy Tran Van (Phan Thiet, Vietnam)- Overcome disability; 3. saria: Julio Lopez Morata (Zaragoza)- Travesía nocturna. ONCEren Afiliatua Saileko Aipamena: Carme Olle (Bartzelona)- Brindis; Gaitasuna Gutxitutako Saileko Aipamena: Francisco Javier Sanchez Iglesias (Irun, Gipuzkoa)- La maestra de Braille. Euskadiko argazkilari onenen artean, Jose Agustin Gurrutxaga (Bergara)- Jaurtiketa III;  Juan Ramon Larrocea (Arrigorriaga)- Hegaz; eta Pedro Luis Ajuriaguerra (Bilbo)- Saltador invidente aurkitzen dira.

Epaimahaia Juan Armentia Euskadiko Argazki Elkarteen Federazioaren presidenteak; Julio Tejada Gipuzkoako Argazki Elkartearen Presidenteak eta Juanjo Salado argazkilariak osatu dute.

Argazki lehiaketa honek Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren, BBK Fundazioaren eta hiru Foru Aldundien Gizarte Ekintza sailen laguntza jaso du. Gipuzkoako Argazki Elkarteak, Espainiako Argazki Konfederazioak eta FIAP-ek (Fedération Internationale de l´Art Photographique) ere lagundu dute.

XVI. edizioaren epea 2016ko abenduaren 3a arte irekia

Hurrengo edizioa jada abian da eta parte hartu nahi dutenek argazkiak bidaltzeko abenduaren 3a arte dute epea. Epaimahaiak aldiz abenduaren 20an emango du jakitera bere erabakia. Munduko zale eta profesional orok hartu dezake parte lehiaketan.  Oinarriak honako webgunean kontsulta daitezke www.oncefoto.es

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide