Euskara ikasi nahi dutenek bihartik irailaren 13ra bitartean izena eman ahal izango dute Gasteizko Udalak antolatutako taldeetan. Gurasoentzako 84 talde, maila guztietakoak eta eskola orduetara egokituak; 55 urtetik gorakoentzako 8 talde, oinarrizko mailetan; atzerritarrek euskararekin lehen harremanak izateko lau talde; eta merkataritza eta ostalaritza zerbitzuetan aritzen direnentzako bi talde.
Iaz 700 lagun baino gehiago matrikulatu ziren talde horietan, euskara familiako komunikazio tresna izatea, seme-alabei eskolako lanetan laguntzerik izatea, hizkuntzaren oinarrizkoen ezagutzea edo merkataritza eta ostalaritzaren arloko zerbitzua eta arreta hobetzea helburu.
Iñaki Prusilla Euskara zinegotziak txalotu egin du, halaber, hiriko euskaltegiek egiten duten lana. “Horiei esker Gasteiz gero eta euskaldunagoa da. Euren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke gizarte-etxeetako ikastaroen eskaintza abian jartzea. Euskaltegietan bertan eskaintza handiagoa dute, eskarmentu handikoa, egungo metodologia erabiltzen dute irakasteko, eta ikasleek dituzten beharretara egokituta: ordutegi malgua, zentroan bertan egindako ikastaroak, autoikaskuntzakoak edo jardun bikoak, hainbat arlo lantzeko berariazko ikastaroak, azterketak prestatzeko ikastaroak eta beste”.
Euskara ikasteko laguntzak
Herritarrek euskara ikas dezaten diru-laguntzak banatzeko deialdiak 282.000 euroko aurrekontua du, eta 2016ko uztailetik 2017ko ekainera arteko aldiari dagokio. HABEk onetsitako ikaskuntzako zentroek emandako ikastaroak lagunduko dira diruz, zentroan bertan egindakoak eta autoikaskuntzakoak, edota jardun bikoak. Horren bidez bi programa arautuko dira: bata, ohikoa, baliabide ekonomiko mugatuak dituztenei zuzendutakoa; bestea gurasoei, aisialdiko begiraleei, entrenatzaileei eta arbitroei zuzendutako berriazko programa da.