Gasteizko bertso eskola abian jartzeko lehenengo lanak eta ibilbidea gertutik ezagutu ditu Patxi Aizpurua oiartzuarrak; apurka egin beharreko bidea dela dio, eta bide onean doala Arabako bertsolaritza.
Euskal Filologia ikasteko matrikula egiteko zain zegoela jakin zuen Patxi Aizpuruak (Oiartzun, 1957) bertso eskola bat antolatu zutela Gasteizen, eta laster eman zuen izena bertan. Geroztik, buru-belarri izan da bertsolari moduan, epaile lanetan zein bertsozale elkarteko beharretan.
Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira Gasteizko bertso eskola lanean hasi zenetik...
Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik, Xabier Amuriza eta Jon Lopategirekin elkartu ziren hainbat lagun, 1982an –Xabi Rico, Ricardo Gonzalez de Durana, Txipi Ormaetxea, Amaia Otsoa eta Martin Mimentza– udan emandako ikastaro batzuetan, eta hor hasi ziren prestatzen bertso eskola izango zena. Abel Enbeitarengana jo zuten eskola sortzeko ideiarekin, eta orduan hasi ziren elkartzen, ostegunero, Bilbo plaza ondoan zen lokal batean; martxan zegoela hasi nintzen ni ere eurekin.
Atzera begira jarrita, nolakoa izan da bilakaera?
Eskola hasi eta urtebetera egin zen lehenengo txapelketa, Radio Vitoriaren urteurren bat zela eta, eta eskolan genbiltzanok parte hartu genuen. 90eko hamarkadan Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zen, eta horren babesean lurralde bakoitzean; hor beste etapa bati ekin genion. Handik aurrera lantalde anitzagoa aritu zen, gazte jendea ardurak hartzen hasi zen, irakaskuntza eta bertso eskoletan pauso handi bat eman zen... Handia izan da aldaketa, dudarik gabe, bai kopuru aldetik zein moduari dagokionez.
Noiz hasi ziren bertsoak Gasteizko jaietan lekua hartzen?
1980ko hamarkadan antolatu ziren lehenengo saioak Aihotz plazan jaietan, eta ondoren etorri ziren Udalarekin hitzarmenak, elkartea osatzearekin batera, eta aurrekontu baten barruan. Ikasturtean zehar ikusten ez genituen euskaldun horiek elkartzeko momentua izaten ziren jaietako bertso saioak.
Eta, geroztik, bertsolarien topaleku bilakatu da Aihotz plaza jaietan.
Bai, eta betiko eztabaida sortzen zaigu gai honekin: hortik kanpo posible al da bertsolaritzaz gozatzea? Badirudi euskararen eremua bat bakarrik dela, eta itxia, eta nahiko genuke beste eremu batzuk hartzea eta euskarak ere presentzia izatea hiriko beste leku batzuetan. Momentuz ez dago proposamenik mahai gainean baina aztertzeko modukoa izan daiteke, eta ez bakarrik bertsolaritzari dagokionez.
Gasteizko jaietarako zer prestatu duzue? Aldaketarik izango da aurten?
Urteroko hitzorduei eutsiko diegu. Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin hasiko gara, beti bezala ekitaldi indartsua antolatzen dugu hilaren 5an, eta hurrengo egunetan ere gustu guztietarako saioak izango dira. Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izaten saiatzen gara, oreka hori mantentzea garrantzitsua da.
Ostean, etena izango dute bertsolariek?
Bai, herri bakoitzak jaietan antolatzen dituzten saioez gainera, Aihotz plazakoaren ostean etenaldia izaten da, indarberrituta bueltatzeko irailean.
Udako etenaren ostean, txapelketara begira jarriko zarete? Zer beste erronka dituzue ikasturte berrirako?
Bai, Arabako txapelketa izango da datorren urtean, bi urtez behin ospatzen duguna, eta beraz indartsu hasiko gara; iraila-urrian hasiko gara aurrekanporaketekin eta apirila buelta hortan izango da finala. Beste alde batetik, ikasturterako helburuen artean, bertso eskolak indartzea eta irakaskuntza arautuan bertsolaritzari bultzada ematea izango dira nagusi.
Osasuntsu dago bertsolaritza lurraldean, ezta?
Baietz esango nuke. Gaur egun gazteak gerturatzea ez da erraza, beste hainbat arlotan bezala, eskaintza oso zabala delako eta bertsolaritza askotan itzalpean geratzen delako, baina mantentzen gara eta ez da gutxi. Baikorra naiz, hala ere, etorkizunera begira; bertsolaritza euskarari lotuta doa, ezinbestean, eta Araban euskara indartzen bada bertsolaritza ere indartuko da, edo behintzat sendotuko da. Apurka apurka egin beharreko bidea da, baina nik uste dut ongi goazela.
Eguerdian Aihotz plazara ez dakit gazte asko gerturatuko diren...
Bai, jaietan eguerdiko saio horiek konplikatuak dira gazteentzat, aurretik juerga egin duenarentzat ez da erraza baina batzuk gerturatzen dira, eskaileretan erdi lo egoten badira ere kar kar kar.
Abuztuak 5, 13:30ean. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña.
Abuztuak 6, 13:30ean. Asier Otamendi, Paula Amilburu, Oskar Estanka eta Aintzane Irazusta.
Abuztuak 7, 13:30ean. Manex Agirre, Felipe Zelaieta, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi.
Abuztuak 8, 13:30ean. Asier Rubio, Ruben Sanchez, Alaia Martin eta Jon Maia.
Abuztuak 9, 13:30ean. Oihane Perea, Izar Mendiguren, Julen Zelaieta eta Amets Arzallus.