"Ez, ezetz da beti!". Hitzokin eman dio hasiera Gorka Ortiz de Urbina Zeledonek abuztuaren 9ra arteko jai festa segidari. Karmele Jaio idazleak haren pregoian eta hiriburuko mugimendu feministak zein Gasteizko Udalak azken egunetan nabarmendutakoa plazaratu du Zeledonek ere, aterkla eskuan, Andre Maria Zuriaren plazan bildutako milaka lagunen aurrean. Emakumeek jaiak askatasunez bizi nahi dituzte eta jaietako protagonista ere badirela azpimarratu nahi izan du irmo.
Aldarrikapenak eta festak, ohi legez, bat egin dute balkoi gainean zein plazan eta, besteak beste, autodefentsa feministaren aldeko pankarta, presoen aldekoa edota TTiP hitzarmenaren kontrakoa ikusi ahal izan dira jende oldearen artean. Oihu eta biba indartsuekin, sei minutuko ibilbidea arin igaro da jaiei ongi-etorria ematera gerturatu diren festazale guztientzat; bidean, ez dira falta izan "Zeledon, etxe berria egin duk! Zeledon, balkoian leiho on!" kanta edota fanfarreak girotutako kalejira.
Moises San Mateos Gaztedi errugbi taldeko presidentea eta Cristina Molinuevo Araski saskibaloi taldeko jokalariak, aurtengo txupineroak, zain izan ditu balkoian, kamiseta gorriz estalitako talde guztiarekin batera. "Gora Zeledon" eta "Gora Gasteiz" oihu artean, dantza eta saltoka, jaietako zapia jarri die Zalduondoko gizontxoak Gorka Urtaran alkateari, txupineroei eta Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileari. "Gora Andre Maria Zuriaren jaiak", dei eginez, jaia hasi baino ez da egin.
Argazkiak: PHOT.OK