Gasteizko Jaiak 2016

"Jaien eredua aldatzea ez da soilik eraso sexistak salatzea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko abu. 3a, 18:38

Ainara Mendarozketa, Aitziber Romero eta Txotxe Andueza. / E. Ugarte

Gasteizko jaietan emakumeen parte-hartzea eta rola nola aldatu diren aztertzeko bildu dira mugimendu feministako Txotxe Andueza, Ainara Mendarozketa eta Aitziber Romero; jai ereduak aldatzeko beharra azpimarratu dute.

 

Betaurreko moreak jantzi eta Gasteizko jaiak aztertzeko  ariketa eskatu dio Alea-k hiriko mugimendu feministan, belaunaldi ezberdinetan, lanean ibili diren hiru emakumeri. Txotxe Anduezak, Ainara Mendarozketak eta Aitziber Romerok jaien eredua aldatzeko premiaz hitz egin dute.

Nola aldatu da emakumeen parte-hartzea eta rola Gasteizko jaietan, eremu ezberdinetan, azken urteetan? Bigarren plano batean egotetik lehen planora pasatzea lortu al du emakumeak?

Txotxe Andueza: Gizartean bezala, jaietan urratsak egin dira, baina oso txikiak, eta ez denak norabide egoki batean, ez bederen jai askeagoak izateko norabide batean. Aldatu da zerbait, emakumearen protagonismoa handitzen ari da, baina jaien ereduari dagokionez, ez dut aldaketarik sumatzen. 

Ainara Mendarozketa: Azkenengo urteetan emakumeak sartu gara gune erabakigarrietan, hau da txosnen batzordean gaude eta blusen batzordean emakume batzuek aktiboki parte hartzen dute, baina gure asmoa harago doa, gure asmoa da jaien eredua aldatzea, emakumeak protagonismoa izatea, gure nahiak eta gure beharrak kontuan hartzea eta jaiak modu aske batean bizitzea. Egia da erabakiguneetan sartu garela eta gure ikuspegia pixkanaka ari garela horietan txertatzen, baina asko falta da. 

Aitziber Romero: Ez dugu lortu bigarren plano horretatik lehenengo planora pasatzea. Gizarte heteropatriarkalaren parte dira jaiak eta balore horiek islatzen dituzte. Dena den, azken urteetan emakumeak gure artean lanean gaude, gure espazioak sortzeko eta jaiak ere gureak egiteko.

Jaietan emakumeek izan behar duten rolari buruz gizartearen iritzia eta praktika aldatu al dira? 

Txotxe Andueza: Beldur naiz emakumea ez ote den ari pasatzen bigarren plano batetik lehenengo planora biktima paperean. Ez da hitz egiten jaien ereduaz eta gizarte ereduaz, soilik erasoei buruz, eta uste dut erasoaz hitz egin behar dela, atzerapausorik ezin dela eman salaketan, baina gauzak orokorrean baloratu behar dira. Erakunde publikoek, sinistu ala ez, bere burua behartuta ikusten dute erantzutera, eta hori berez ona da; gizarteko beste esparruetan gauza berdina gertatzen ari da, baina azaleratzen ari da soilik emakumeen kontrako indarkeriaren gordinena, eta estaltzen ari da emakumeen kontrako indarkeria estrukturala.

Ainara Mendarozketa: Egia da gizartearen ikuspegia aldatu egin dela, baina jaien eredu maskulinizatua errotik aldatu nahi dugu, eta hori ez da soilik eraso sexisten kontra jardutea. Eraso sexisten inguruan gauzak aldatu egin dira, izan ere aurten lortu dugu Udalak eraso sexisten kontrako protokoloa sinatzea, eta blusen eta nesken batzordea ere lantzen ari da gaia, eta espero dezagun aurreko urtekoa ez errepikatzea, baina jai ereduaren inguruan asko geratzen zaigu egiteko, berez gutxi aldatu delako, jai eredu maskulinizatua da, non emakumeek ez ditugun jaiak askatasunez bizitzen, ez gara  kaletik lasai ibiltzen, zailtasun handiak ditugu gure jai ereduak lantzeko...

Aitziber Romero: Kontzientziazio lan handia dago egiteko, eraso sexistak identifikatzeko lana ez da egin, eraso bat ez da bakarrik bortxaketa bat, espazioaren erabilerarekin zerikusia du eta programazioak egiterako orduan dauden emakume kopuruarekin; Udala ari da lan apur bat egiten, baina urte osoko lanketa bat izan behar da, eta Udalak zenbait konpromiso eskatu behar dizkie jaietan parte hartzen duten kolektibo eta eragile guztiei.  Jaiak gizonentzat disfrutatzeko espazioak dira, eta aldiz emakumeontzat sarritan beldurra pasatzeko espazioak.

Noizko emakumeen erreferenteak Gasteizko jaietan?

Txotxe Andueza: Emakumeen erreferenteak sortzeko beharraz ari bagara, pentsatu behar dugu ere zer nolako erreferenteak sortu nahi ditugun; ez nuke esango jendeak erreferente asko dituela jaietan, Zeledon da erreferente bakarra, baina kulturan, kiroletan, eta jaietan orokorrean emakume piloa dago lan egiten, eta horiek guztiak erreferenteak izan beharko lirateke. 

Ainara Mendarozketa: Ez da erreferente bat behar dela, baizik eta errotik aldatzea jai ereduak, eta erabakiguneetan kontuan hartzea emakumeak egon behar direla. Blusak erreferente inportantea dira, eta duela urte batzuetatik hona emakumeek protagonismoa lortu dute esparru horretan; bere garaian emakume bat izan zen batzordeko lehendakaria, eta horrek asko egin zuen blusen irudia gizonezkoekin ez ezik emakumeekin ere lotzeko. 

Aitziber Romero: Ez dugu emakume erreferente bat nahi jai maskulinizatu hauetan, nahi duguna da jai eredua aldatzea, eta jaiak parekideak egitea, eta uste dut aldaketa horren baitan egin behar ditugula emakume erreferenteak, eta emakumeak ikustaraztea.

Nola egokitu da mugimendu feminista jaietan sortu diren egoera ezberdinetara? Zeintzuk izan dira mugarri nagusiak? 

Txotxe Andueza: 80. hamarkadan polemika handia eman zen blusen kontura, zehazki artikulu bat argitaratu zelako blusen kontra, eta Euskal Herri osoan piztu zen eztabaida; horrek mugarria jarri zuen, hortik aurrera hasi zirelako emakumeak kuadrilletan parte hartzen, debekatuta zegoen zenbait kuadrillatan ere eztabaidak egon ziren baita blusen komisioan ere. Saiakera batzuk ere egin ziren emakumeen kuadrillak sortzeko, eta txosna gunean lehen aldiz txosna feminista jartzen saiatu ginen. Garai haietan oso eredu maskulinizatua zegoen eta, askotan, blusen eta emakumeen arteko dialektika oso muturrekoa zen, eraso bezala hartzen zituzten emakumeen dinamikak. Hala ere, egiten diren ekimen guztiak beti sortzen dituzte kezkak, eztabaidak, hitz egiteko eta pentsatzeko beharra, eta hori ona da. 

Ainara Mendarozketa: Bilgune Feminista jaio zenean, duela 15 urte, txosna batzordean parte hartzea erabaki genuen, eta txosnen batzordearen ikuspegia aldatuz joan da.Txosna gunea eraso sexistarik gabeko tokia izan behar dela edo emakumeen taldeak kontzertuen programazioetan egon behar direla onartu da. Urte askotako lana egin da, eta emaitza polita lortu da. Erabakigarria izan da bertan egindakoa, feministen ikuspegia txertatu egin  delako txosnen eremuan eta Gasteiz osora zabaldu da.

Ematen diren erasoak ikusarazteko eta salatzeko lanketan, nola aldatu dira gauzak? Zer gehiago egin behar da?

Txotxe Andueza: Lehen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen zen, eta horretan gauzak aldatu dira, inpunitateari esparrua moztu zaio. Gizarteak ulertu behar du eskubideen urraketa bat dela, ez dela bakarrik emakumeen kontrako eraso bat, gizarte osoaren kontrako erasoa dela, ez dela emakumeek bakarrik erantzun behar duten indarkeria. 

Ainara Mendarozketa: Azkenengo urteetan egin den lanketarekin, ikusarazi dugu zer den eraso sexista bat, gero eta jende gehiagok ulertzen du, eta salatzeko prest dago. Espero dezagun jaietan erasorik ez ematea, baina tamalez aurreko jaietan gertatu dena ikusita, badakigu izango direla, eta erantzuteko prest gaude.

 

*688 852 901 edozein eraso jasan edo ikusten den kasuetarako telefono zenbaki bat martxan jarri du mugimendu feministak. Telefonoaren bestaldean, edozein motatako kasuak artatzeko formazioa jaso duten mugimendu feministako kideak izango dira eguneko 24 orduetan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago