"Nire amonak esaten zuen kantatzen duen jendea bizirik dagoela, barrutik bizirik, benetan bizirik, eta jende guztiak abestuko balu mundua hobeto joango litzatekeela. Herriekin antzeko zerbait gertatzen da. Abesten duen herri bat, dantzatzen duen herri bat, bere jaiak ospatzen dakien herri bat bizirik dago, baina horrez gain, herri jakintsua da. Herri jakintsua da jaiek lagundu egiten diotelako herriaren batasunari, kohesioari. Gu kolektibo bat sortzen laguntzen dute, halako harrotasun kolektibo bat. Beraz jaiak, ondo pasatzeko eta gozatzeko aukera eder bat izateaz gain, badira, edo izan daitezke, edo bihurtu ditzakegu, zergatik ez, elkarbizitza hobetzeko tresna bat. [...]
Nire lana idaztea da. Idazleak beti dauka aurrean orri zuri bat. Aukera berri bat. Hiriek ere bai.
Gasteiz. Gure hiria. Gu guztion artean egunero idazten dugu bere historia, nobela bat balitz bezala. Hiritarrak ez garelako eta ez dugulako izan nahi istorio honen ikusle hutsak. Istorio honen idazle izan nahi dugu. Idazlea idaztera jartzen denean, baina, ez da zerotik hasten, beti dago iragan bat, beti dago aurreko egunean idatzi duena. Hiriekin ere berdin gertatzen da.
Gure historia idazten jarraitzeko atzera begiratu beharra dago beti. Horrela egiten dute herri jakintsuek. Eta atzera egiten badugu, ez asko, berrogei-berrogeita hamar urte, ikusiko dugu Gasteiz hiri irekia izan dela, eta Gasteizek kanpotik etorritako jende asko bihurtu duela gasteiztar. [...]
Jaiak ospatzen dakien herri bat herri jakintsua da jaiek erakusten digutelako kate baten zatia garela. Gure aurretik beste asko izan direla, eta gure ondoren asko etorriko direla. Kultura bat, hizkuntza bat eta ohitura batzuk ditugula.
Horregatik sentitzen dut gaur ni ere kate horretako zati bat naizela. Eta horregatik sentitzen dut gaurko nire ahotsa ez dela nire ahotsa bakarrik.
Hitz hauek hitz berriak dira baina hizkuntza zahar baten idatziak eta esanak. Ni jaio baino askoz lehenago bizirik zegoen hizkuntza bat, ni hil ondoren biziko dena.
Ahots asko daude nire gaurko ahots honen atzean. Hemen Gasteizen lehen ikastola sortu zuten andereño eta guraso ausart haien ahotsak daude adibidez. Euren seme alabentzako hezkuntza euskaldun bat aukeratzeko ausardia izan zutenak. Jende asko dago hizkuntza honen atzean. Euskara bizirik mantentzea lortu duen jende kate luze bat.
Eta gure hirian euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duten guztiak. Euskarari Gasteizen dagokion lekua eskaini nahi diotenak. Eta euskara gozatu eta erabili nahi dutenak. Baita jaietan ere. Gero eta gehiago gara kate luze honetan. [...]
Horregatik gaur nire ahotsa irrintzi bat izatea nahiko nuke. Irrintzi alai bat, irrintzi indartsu eta sendo bat, emakumeen indarra erakutsiko duena, emakumeen ahotsa, erabakia.
Irrintzi bat. Emakumeek jaiak eta gure bizitzako egun guztiak askatasunez bizi nahi ditugula aldarrikatzen duena. Eta noski, jaietan eta jaietatik kanpo ere eraso sexistarik ez dugula onartuko oihukatzen duena. Ez gaude prest biktima izateko, guk, emakumeak, protagonista izan nahi dugu, jaietako protagonista, eta gure bizitzen protagonista baita ere urte osoan zehar. Kalean eta etxean. Etxean eta kalean.
Eta herri jakintsu bat baldin bagara, kontuan izango dugu hau guztion erronka dela. Erasoak izeberg handi baten punta baino ez direla, eta ez dela nahiko erasoen kontra agertzearekin. Eguneroko jarrera aktibo bat behar dela berdintasunaren alde. [...]
Gure gizartean korronte indartsu asko daude, inertzia handi asko: matxismoa horietako bat da, oso indartsua, baina hor daude beste asko, ezjakintasuna, arrazakeria, intolerantzia, kontsumismoaren diktadura… Libre izan nahi duen herri batek inertzia indartsu horiei aurre egin behar die. Baina horretarako helduleku batzuk behar ditu, soka batzuk zeinetara heldu. Eta soka horietako bat dudarik gabe jakintza da, ezagutza, eta kultura. Kulturarik gabeko herri bat ez da inoiz libre izango. Jakintzarik gabeko herri bat, herri esklabua da. [...]
Jaiak ospatzen dakien herri bat herri jakintsua da, jaiek hiritarren parte hartzearen indarra erakusten dutelako. Baina indar hau urte osoan zehar ikusi dezakegu hiri honetan. Gasteiz ez dago lo. Jende asko dago adi, bizirik eta antolatuta.
Begira bestela nola erreakzionatu duen herri honek behar izan denean arrazakeriaren kontra, nola bildu dituen hainbat jende ezberdin Gora Gasteiz bezalako ekimen batean. Eta nola dauden beste hainbat eta hainbat herri mugimendu herri honetan adi, gertatzen denari adi, eta lanean. (Gaur goizean hainbat gazte ikusi ditut txosnak prestatzen. Gora zuek). Eta begira nola hiri honek berriz ere gogoratu duen aurten berrogei urteren ondoren, martxoaren 3an Zaramagako auzoan gertatutako sarraskia. Ez. Hiri hau ez dago lotan. Adi dago, eta bizirik dago. [...]
Nire amonak esaten zuen kantatzen duen jendea bizirik dagoela, benetan bizirik. Herriekin ere berdin gertatzen da.
Erakutsi dezagun Andre Mari Zuriaren jai hauetan hiri hau bizirik dagoela. Herri honek irrintzi baten indarra duela. Eta bere abesti, dantza eta ospakizun guztien azpian milaka bihotz daudela taupadaka. Adi eta bizirik dauden milaka bihotz.
Gora bihotzak. Gora Gasteiz."