Gasteizko Jaiak 2016

Jaietan, eraso matxistei erantzuteko prest

Erredakzioa 2016ko abu. 2a, 12:07

Argazkia: Hala Bedi irratia.

Gasteizko mugimendu feministak hainbat neurri aurkeztu ditu: telefono bat, informazio-gune bat eta elkarretaratzeak, besteak beste

Gasteizko jaiak “emakumeentzat seguruak izan daitezen” eta eraso matxistei aurre egiteko, hainbat neurri aurkeztu ditu gaur hiriko mugimendu feministak.

Aurreko urteetan bezala, telefono bat jarri dute eskuragarri, eraso bat jasan edo ikusten duten gasteiztar guztientzat: 688- 85 29 01. Mugimendu feministako kideak 24 orduz egongo dira telefonoaren bestaldean, laguntza eskaintzeko.

 

Bestalde, txosna gunean jaima bat jarriko dute gauero, 22:00etatik 02:00etara. Bertan, eraso matxistak identifikatzeko informazioa eskainiko dute, eta bertara jo ahal izango dute erasoren bat jasan edo ikusten dutenek. Txosna batzordearekin elkarlanean irekiko dute gune hori; izan ere, “erasorik gabeko gune bat izateko lanean ari dira txosnak”, jakinarazi dutenez.  Erasoen aurrean edozein barrara hurbildu eta horren berri ematera animatu dituzte gasteiztarrak, bertan lanean ari diren pertsonak zuzenean jarriko baitira mugimendu feministarekin eta txosna-batzordearekin.

Erasoen aurrean nola erantzungo duten zehaztu dute ere: gertatu eta hurrengo egunera, elkarretaratzea deituko dute Andre Maria Zuriaren plazan, 20:30ean. Herritarrei eta erakundeei protesta horietan parte hartzeko dei egin diete.

 

Gasteizko emakume baten hilketaren aurkako protesta, ekainean. Argazkia: Saioa Fdz. de Aranguiz.  

 

Udalarena, "hankamotz"

Udalak aurkeztu duen protokoloari dagokionez, modu positiboan baloratu dute, baina “hutsuneak” antzeman dizkiote. Batetik, azpimarratu dute mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa izan dela protokolo hori (haiek egin zuten lehena), eta iaz Udalari bat egiteko eskatu zioten arren, udal-gobernuak aurtengo uztailera arte landu ez duelako kexu dira, “berandu eta denbora gutxi eskainiz”.

Antzeman dituzten “gabezien” artean, honakoak aipatu dituzte: erasoak gertatzen direnean, Udalak 5 minutu etengo ditu jaietako ekintzak, eta ez 15 edo 30, mugimendu feministak proposatu bezala. Horrek, bozeramaileen hitzetan, “argi uzten du Udalaren inplikazio maila, ez baitago prest eraso larrien aurrean bere egitaraua aldatzeko, ezer gertatu ez balitz bezala jarraituz”.

Horretaz gain, brigada moreen sorrera ere eskatu zioten Udalari, “puntu arriskutsuetan dauden pertsonei formakuntza eskaintzeko”. Aldiz, "informazio-mahai bat baino ez du jarriko Udalak", kritikatu dutenez. Kexu dira ere, prentsaurreko batean aurkeztu zuelako protokoloa Gorka Urtaran alkatearen taldeak, mugimendu feministari azken aldaketen berri eman gabe.  

Gautxori zerbitzuan, geltoki gehiago

Bestelako eskaikizunak ere badituzte: Gautxori autobus zerbitzuari dagokionez, hiriko kanpoaldeko auzoetan geltoki gehiago eskatu dituzte, ordutegia areagotuz, “leku horiek, isolatuak daudenez, erasoetarako leku aproposak izan daitezkeelako”.

Abuztuaren 9an, Egun feminista

Erasoei aurre egiteko bezala, “ondo pasatzeko prest ere” agertu da mugimendu feminista eta, hori dela eta, Egun feminista aurkeztu dute: abuztuaren 9an txosnetan antolatutako programazioa, hain zuzen. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago