Gasteizko euskaldun eta euskaltzaleentzat, Aihotz plaza da jaietako elkargune nagusia. Bertako txosnaren kudeaketaz arduratzen hasi zen GEU elkartea duela bost urte, jaietan euskararen erabilera biderkatzeko asmoz.
GEU elkarteko koordinatzaile Eñaut Aranbarrirekin mintzatu da ALEA.
Matxeteko euskarazko eskaintzari GEU txosna gehitu zitzaion duela bost urte. Zer ekarpen egiten diozue gune honi?
Gasteizen, Matxete plaza izan da azken urteetan euskarazko eskaintzaren erdigunea. Aldiz, bertako txosnan ez zegoen beti eskaintza euskaldun bat; zerbitzari lanetan, adibidez, euskaraz ez zekien jendea egoten zen. Txosnaren kudeaketa hartu genuenean, hain zuzen, Matxeteko eskaintza euskaldunari osotasuna ematea izan zen gure helburuetako bat, eta, orokorrean, Gasteizko jaietan euskararen presentzia areagotzea.
Edariak eta ogitartekoak bakarrik ez: egitarau oparo bat antolatzen duzue ere plazan. Aurten zer nabarmenduko zenuke?
Batez ere, jaiak hasi aurretik antolatzen ditugu kontzertuak eta bestelako jarduerak, jaietako egitaraua bete-beteta datorrelako abuztuaren 4tik aurrera, baita Matxeten ere. Azken egunotan, beraz, jarduerez bete dugu plaza: kontzertuak, umeentzat pailazoak, dantza saioak, sagardotegi-arratsaldea… Agian, nabarmentzekoa da aurten, lehen aldiz, euskararen erabilera handitzeko dekalogo bat aurkeztu dugula, Gasteiz Euskaraz Bizi lelopean. Hirian euskalgintzan lanean ari garen hainbat eragileren artean egin dugu, eta gurekin bat egin dute ere hainbat erakundek eta elkartek.
Zer gako ditu dekalogo horrek?
Urte osoan zehar erabilgarri izan daitekeen dekalogoa da, baina pentsatu genuen jaietan beharrezkoa zela bereziki euskararen normalizazioaren alde indarra egitea. Hamar puntuko dekalogo honekin, lotsa galdu eta jendea jaiak euskaraz gozatzera animatu nahi dugu. Adibide bat jartzearren: tragoak euskaraz eskatzen baditugu, zerbitzariari ere aukera emango diogu euskaraz erantzuteko.
Omendu bat izaten duzue urtero. Aurten, Iban Zaldua idazleari eman diozue saria. Zer aitortu nahi izan diozue?
Aurten hirugarren urtea da Heldu Buruari saria ematen dugula. Lehenengoan, Pako Eizagirre irakasleari eman genion; iaz, Geurekin Mendira taldeari, eta aurten, iazko sarituek proposatuta, Iban Zaldua idazlea saritu dugu, azken 15 urteotan Gasteizko Irakurle Kluba antolatu duelako (eta antolatzen jarraitzen duelako), eta orokorrean euskararen aldeko lana egin duelako hirian.
Betiko eztabaida bat da Gasteizko euskaltzaleen artean: Matxete bezalako bilgune bat beharrezkotzat jotzen da, baina ahots batzuek ere badiote ezkutuegi geratzen dela euskalduntasuna, txoko horretara mugatuta. Zer iruditzen zaizu plazatik kanpo euskarak eta euskal eskaintzak duten pisua?
Argi dago Gasteizko jaietan euskararen presentzia ez dela nahikoa. Hain zuzen, presentzia hori zabaltzen joateko aurrerapausoak ematen ari gara, euskara ez dadin mugatu Matxetera edo txosna-gunera, eta bai Udalak, baita beste eragile batzuek ere, gero eta euskarazko gauza gehiago antolatu ditzaten. Hainbat urrats egin ditugu dagoeneko: iaz, Zeledonen kanta euskaraz kantatu ahal izan genuen lehen aldiz, eta aurten Gasteiz Euskaraz Bizi dekalogoa aurkeztu dugu.
Biolentzia matxistari aurre egiteko protokolo bat ere estreinatu duzue aurten. Zergatik ikusi duzue garrantzitsua?
Elkarte feministek lan handia egin dute eta, gure lan-esparru nagusia euskara den arren, guk ere biolentza matxistaren kontrako konpromisoa hartu nahi izan dugu, jaietan gero eta larriagoa eta nabarmenagoa den arazoa delako. Indarkeria kasuen aurrean nola jokatu zehazten duen protokoloa abiatu dugu: txanda egingo duten boluntarioei helarazi diegu, eta Matxeten bertan ikusgai egongo da.
Txosna irekitzeko izerdia botatzen duzue… Zer suposatzen du GEU bezalako elkarte batentzat?
GEU elkarteko Kultura batzordea apirilean hasi ohi da txosnaz eta txosnarekin lotutako egitarauaz arduratzen, bazkideek osatuta eta langile batek koordinatuta. Gero, txandak egiteko 150 pertsona inguru aktibatzen dira eta, zentzu horretan, aberasgarria da ere. Izan ere, hiru helbururekin abiatu genuen txosna: euskararen presentzia areagotzea, txosnaren inguruan Gasteizko euskaldunak aktibatzea eta, jakina, finantziazioa lortzea ere.
Zer egingo duzue bildutako diruarekin?
Euskararen alde GEU elkarteak egiten duen lana posible egiteko erabiltzen dugu dirua: alea aldizkarirako, adibidez, edota antolatzen ditugun familia irteeretarako, umeentzat egiten ditugun Igandeak Jai saioetarako eta urtean zehar antolatzen ditugun sentsibilizazio tailerretarako. Instituzioetatik eta bazkideen-kuotetatik jasotzen dugun finantzazioaren osagarri garrantzitsu bat da.
Bost urte hauetan, zer aldatu da Matxeteko txosnan?
Gero eta egun gehiago irekitzen dugu! Kar kar. Horrez gain, esperientzia irabazi dugu, egitaraua urtetik-urtera indartuz goaz eta, pixkanaka, GEUren txoko hori erreferente bihurtzen ari da Gasteizko euskaldunentzat. Eskaintza gastronomikoan ere hobetzen goaz. Aurten, esaterako, janari begano eta ekologikoa eskainiko dugu lehen aldiz.