Zortzi urte eta hiru udal- gobernu pasa dira Gasteiz Antzokiko proiektua Udalaren mahai gainean dagoenetik eta, gorabeherak gaindituta, egitasmoa kokatzeko proposamen tinko bat aurkeztu berri du hiriko gobernuak: Eskoriatza-Eskibel jauregia eta ondoan dauden pilotalekua, lorategia eta antzinako ostatua. Asmo horren aurrean, azken aste honetan euren iritziak plazaratu dituzte egitasmoarekin zerikusia duten eragile nagusiek: Lazarraga elkarteak (Antzokiaren sustatzailea), Txapa Ahotsa asanbladak (pilotalekuaren bultzatzailea) eta Goian Alde Zaharreko egitasmo komunitarioak.
Kokapena erabakitzeko, azterketa bat eskatu zion Gorka Urtaranen udal-gobernuak Santa Maria Katedrala Fundazioari eta, gune ezberdinak aztertu ondoren, Frai Zacarias kaleko jauregia eta etxadi bereko guneak aukeratu dituzte azkenean, "ondare hori berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta inbertsioak izango lukeen gizarte-errentagarritasunagatik", alkatearen hitzetan.
Zehazki, Eskoriatza-Eskibelen eraikin nagusian Oihaneder Euskararen Etxea kokatuko lukete (gaur egun Montehermoso jauregian), eta pilotalekua dagoen espazioan eta berdegunean ikuskizun-areto berri bat eraikiko lukete, frontoia eraitsi ondoren. Bi solairuko eraikina altxatu nahi dute: bat ikuskizun aretorako, eta beste bat pilotalekurako edo auzoko bizilagunentzako beste erabileraren baterako.
"Aldeen artean adostuta"
Behingoz kokapen-proposamen sendo bat dagoelako poztu egin da Lazarraga elkartea, baina oraindik ez du argitu proposatutako espazioa egoki ikusten ote duen. Hori bai, hiriko hainbat elkarte eta eragilerekin bildu ondoren, lau eskakizun egin ditu kokalekua erabakitzeko prozesuari begira: lehenik eta behin, martxan dauden jardueren jarraipena berma dadin, inplikatutako aldeen artean adostasuna lotuz. Bestetik, kontsentsu politikoa eskatzen du, "Gasteizen euskara normalizatzeko proiektu estrategikoa" delako. Beharrezkoa ikusten du ere ezer eraikitzen hasi baino lehen proiektua nork eta nola kudeatuko duen adostea eta, kontuan izanda bi fasetan garatu nahi duela Udalak, "bere osotasunean egingo dutenaren konprommisoa" eskatu dute ere.
"Hemen jarraituko dugu"
Proposamenak zuzenean eragiten dio Auzolana pilotalekuari, eraitsi beharko luketeelako. Hori dela eta, frontoiaren sustatzaile Txapa Ahotsa asanbladak komunikatu bat argitaratu zuen asteartean. Bere iritziz, "proiektu berri bat planteatzerakoan, beste inor ez kaltetzea izan beharko luke abiapuntu logikoa".
Gainera, uste dute kokapena erabakitzeko ez litzatekeela soilik Alde Zaharra aztertu behar: "Hiri mailako proiektua izanik, hiri osoa kontuan hartu beharko litzateke", diote. Zalantzarik ez dute "bi proiektuentzako tokia sobera dagoela Gasteizen", eta jauregia bera eta ondoko eraikinari erabilera ematea komeni dela deritzote, "auzoaren beharrei erantzuteko". Frontoiari dagokionez, aldiz, bertan jarraitzeko asmoa adierazi dute eta, helburu horrekin, irailetik aurrera eztabaidan inplikatutako eragile guztiekin hitz egiteko jarrera agertu dute.
"Pilotalekua mantentzearen alde"
Goian Alde Zaharreko egitasmo komunitarioa ere pilotalekua mantenzearen aldekoa da. "Gasteiz Antzokia ahalik eta lasterren martxan jartzearen aldekoak gara eta Auzolana Pilotalekua azken urteetako arrakastarekin orain arte bezalaxe mantentzearen aldekoak ere".