Aurreko urteetan bezala, abuztuan kazetaritzari buruzko jardunaldiak egingo dira Gasteizen, Kazetaritza, bertatik bertara. Aurten nazioarteko gatazkak eta errefuxiatuen krisia izango dira ardatzak.
Gai hauen inguruan hausnatzeko hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira eta bertan kazetari entzutetsuek hartuko dute parte. Batetik, leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak edo prentsa-argazkilariak; bestetik, atzerriko eta estatuko hedabideetako berriemaileak, bertako eta atzerriko errealitateak ongi ezagutzen dituztenak. Besteak beste, Santi Palacios, Bru Rovira, Samuel Aranda eta Daniele Grosso izango dira Gasteizen.
Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Arratsaldez, 20:00etan, programan landutako gaiekin zerikusia duten filmen ziklo bat eskainiko da Florida zinema-aretoetan, 3 euroan.
Gainera, abuztuaren 11tik irailaren 4ra arte, Santi Palacios prentsa-argazkilari madrildarraren argazki erakusketa bat jarriko da Gasteiz hiribidean, biltzar jauregiaren ondoan, European Dream izenekoa. Egeo itsasoko eta Lesbos uharteko errefuxiatuen krisia islatzen du erakusketak.
Egitaraua: Kazetaritza Bertatik bertara (gazteleraz)