Blusa eta neska kuadrilla berriak Gasteizen

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 24a, 06:00
Bihurriak eta Gasteizko Margolariak neska eta blusa kuadrilletako kideak

Jaiotzen azken blusa eta neska kuadrilla 'Bihurriak' izan da, hiriko lehenengo talde inklusiboa. Horrekin batera 'Gasteizko Margolariak', 2013az geroztik jaiak berritzeko prest azaldu den taldea.

Ia mende oso bat pasa da Gasteizko lehenengo blusak kalera irten zirenetik: XX. mende hasierako lagun talde espontaneoak ziren, toreatzaileen eta Musika Bandarekin batera zezenetara bidea egiten zutenak, laneko alkondara jantzita eta ardo-zahatoa eskutan. 

1926koa da idatziz jasotako lehenengo kuadrilla, Gasteizko  Udalaren Andre Maria Zuriaren jaietako Hiztegiaren arabera: futbol-talde bateko kideek osatuta, El Humeneo zuen izena. Hurrengo urtekoa da, 1927koa, argitalpenetan agertzen den bigarren kuadrilla: Abdelkrim y compañía, Marokoko Gerran borroka egin zuten gasteiztarrez osatua (hain zuzen, Abdelkrim izan zen marokoarren liderretako bat eta, beraz, kutsu probokatzailea zerion euren izenari). Ordutik, ehun kuadrillatik gora sortu eta desagertu egin dira Arabako hiriburuan: hirurogeigarren hamarkada baino lehenagoko 36 kuadrillek eskegi dute alkondara, eta orduz geroztiko beste 47k.

Gasteizko jaiak 60.hamarkada

 60. hamarkadako blusa kuadrilla gasteizko jaietan. vitoriaenfotos.blogspot

 

Gaur egun, 50. hamarkadako talde gutxik jarraitzen dute aktibo: Los Bainas, Los Txismes, Los Desiguales eta Los Martinikos. Berdin-berdin 60. hamarkadakoekin: Los Biznietos da garai hartatik iraun duen bakarra. Hala, blusa janzten jarraitzen duten gainerako talde gehienak 70, 80 eta 90. hamarkadakoak dira. Gutxi izan dira XXI. mendean jaio eta biziraun duten taldeak. Los Alegrios da horietako bat, 2001ekoa; eta, denboran gertuago, jaio berri diren azken bi kuadrillak: Bihurriak eta Gasteizko Margolariak.

Hain zuzen, astelehenean egingo du bere aurkezpen ofiziala Bihurriak taldeak, 11:00etan Azoka plazan (Abastos merkatuan). Ukitu moreko jantziarekin, nobedade batekin datoz blusa eta neska hauek: bere burua inklusibotzat duen lehenengo kuadrilla izango da, mota askotariko 50 kidek osatua, bai mugikortasun arazoak dituztenek, baita ez dituztenek ere. Amankomunean konpromiso sendo bat dute: kuadrillaren jardunean dibertsitate-funtzionala kontuan hartzea; adibidez, jatetxeak aukeratzerakoan, hesi-arkitektonikoak dituztenak alboratuz.

Bihurriak neska eta blusa kuadrilla Endika Glz. de Belandia, Iñigo Lopez de Lacalle eta Zuri Salamanca (Bihurriak). I.Estarrona

 

Izaera inklusiboa ez dute euren kuadrillaren berezitasun bat izaterik nahi, Iñigo Lopez de Lacalle bihurriak azaldu duenez: "Gainerako talde guztiek urrats hori egingo dutela espero dugu". Egunaren balioa berreskuratu nahi dute ere kuadrillarik berrienean eta, gauaz harago, goizez eta arratsaldez jarduerak antolatu. Horrez gain, erdialdean aritzearekin batera auzoetara ere eraman nahi dute festa: "Barraka-gunera, Judimendira, Ibaiondora eta Zabalganara irtengo gara aurten". Jaietan bakarrik ez: "urte osoan zehar mugitzen den kuadrilla" izan nahi dute, hutsune hori somatzen baitute gaur egun.

Proposamen berritzaileak

Hain zuzen, "ideia berriak" garatu nahi zituelako sartu zen taldean Endika Gonzalez de Belandia gaztea, aurretik beste bi kuadrillatan aritu ondoren, eta abuztuaren 7an izango du lehenengo proposamena garatzeko aukera: "Iruñetik erraldoi-konpartsa bat ekarriko dugu Andre Mari Zuriaren jaietara; polita izango da, agian bertakoekin batera dantza egingo dutelako gainera".

"Zer esango dute?". Galdera hori zerabilkion buruan Zuri Salamanca gasteiztarrari, kuadrilla batean ateratzea bururatzen zitzaion bakoitzean, bere mugikortasun arazoak direla-eta. Orain, parte-hartzera animatzen ditu zalantzatiak.

Babesle eta laguntzaileen bidez lortu ditu aurtengo jaietarako baliabideak Bihurriak kuadrillak, bi urteko ibilbidea egin arte ezin dituelako jaso Neska eta Blusen batzordeak kudeatutako diru-laguntzak. Hala ere, egitarau mamitsua prestatu dute: besteak beste, abuztuaren 8an Aitzina Folk jaialdiaren aldeko paella solidarioa prestatuko dute, ataxia-telangiectasia duten pertsonen alde dirua biltzeko.

'Paseilloa' baino zerbait gehiago

Zezenetara joan-etorria egitea baino zerbait gehiago eskaintzeko jaio zen 2013an Gasteizko Margolariak kuadrilla, jatorriz izen bereko auzoko kideek bultzatuta, eta gaur egun hiri osoko 200 blusek eta neskek osatuta. Desengainatu samar utzi zuen bere kuadrilla zaharra Jessika Iñiguez de Nanclares neskak, eta margolari bezala hasi zenetik "zerbait ezberdina" aurkitu du: "Gurea ez da, batzutan gertatzen den bezala, parranda egiteko aitzakiarekin elkartzen den jende multzo bat, askotan euren artean harremanik ez duten azpi-taldez osatutakoa; barne parte-hartzea asko sustatzen dugu eta urtean zehar ekintza ugari egiten ditugu". Sagardotegira, garagardotegira edo txakolindegira irteerak egin dituzte, baita Gasteizko Bataila izeneko lasterketan boluntario lanak ere.

Araiz Zarain eta Jessika Iñiguez de Nanclares (Gasteizko Margolariak). I.Estarrona

 

Zezen plazara bidea edo paseilloa  bizitzeko bere modu berezia asmatu dute ere, Araiz Zarainek zehaztu duenez: "Joana eta etorriaren artean, gure arteko jolasak antolatzen ditugu batzutan, denbora lonja batean edo tabernetan banatuta edaten ez pasatzeko". Jaietara begira euren aurtengo berritasuna iragarri nahi dute: umeentzako MargoTxef saioa, abuztuaren 8an, 11:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Kuadrillari buruz gehiago jakin nahi dutenek erraz dute, mugikorrerako aplikazioa ere baitauka talde informatizatu honek: euren jardueren berri izan, eta zezenetara bidean zein lekutan irteten diren ere jakin daiteke, "GPS bidez kokatuta eta guzti". Odol berria kuadrilletan.

 

Erlazionatuak

Astoen ordez, barrika lasterketa

Itsaso Estarrona 2016 uzt 18 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide