Grezian daude 40 gasteiztar, elkartasun-karabanan

Erredakzioa 2016ko uzt. 20a, 07:00

Astelehenean iritsi ziren No Borders kanpamendura, eta hainbat batzar, bisita eta protesta egin dituzte ordutik

Karabana Greziara: mugak zabalduz ekimenaren baitan, Gasteizko 40 lagun abiatu ziren uztailaren 15ean Greziara, Euskal Herriko beste 80 pertsonarekin batera errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu eta Europaren politikak salatzeko. Lau eguneko bidaiaren ondoren, No borders kanpalekura iritsi ziren pasa den astelehenean, eta ordutik hainbat batzar, bisita eta protesta egin dituzte. Uztailaren 22an egingo dute amaiera- ekitaldia Atenasen, eta astelehenean egongo dira Gasteizen bueltan.

Euren egonaldiko lehen bi eguneko kronikak bidali dituzte ALEAra: 

Uztailak 18, astelehena

"Uztailaren 15ean, ostirala, Euskal Herriko 120 lagun Bartzelonara abiatu ginen Greziarako Karabanan. Bilbo, Gasteiz eta Iruñean eginiko agurren ostean elkartasun eta emozio giroan murgildurik, lehenengo etapa burutu genuen, Bartzelonaraino. Bertan, gure lagun katalanek antolaturiko ongi etorrian parte hartu genuen eta karabanaren gainerako parte-hartzaileekin bildu ginen: Gaztela Leoiko busarekin, Madrilgoarekin eta Països Catalans-eko busarekin. Elkarrekin eta elkarlanean, gure oihu eta amorru sendoena adierazi genuen, Europar batasunak ezarritako politiken kontra, pertsonen mugikortasun askea eta bizitza duina ukatzen dituena.

Ferrira iritsi ginen eta guztien arteko lehendabiziko batzarra egin genuen. Koordinatzeko hainbat bilera ere bai. Gero, hirugarren aldiz lurzoluan egin genuen lo, naiz eta batzuek moketaduna aurkitu genuen. Goizean, asanblada feminista antolatu eta ferritik jeisterakoan bidaiaren azken orduak egin genituen Tesalonikaraino. No Border Camp kanpaldi internazionalera iritsi ginen. Bertan parte hartuko dugu hurrengo egunetan zehar". 

Migratzaileen haurrentzat akanpadan sortutako jolas tokian, haur batek egindako marrazkia.

Migratzaileen haurrentzat akanpadan sortutako jolas tokian, haur batek egindako marrazkia, pairatzen ari diren egoeraren adierazle.

Uztailak 19, asteartea

"No border, Tesalonikan kokaturiko nazioarteko kanpaldia, Europako migrazio politikaren aurkako kanpalekua da. Europako mugetan gertatzen ari dena salatu nahi du: mugen itxiera, migratzaileen giza eskubideen urraketa, gerrateak, haurren desagerpena, emakumeen aurkako bortizkeria... 1.000 lagun inguru gaude akanpatuta, horretarako okupatutako Aristoteles unibertsitateko Zuzenbide fakultatean. Horietatik, 250 gara estatu espainiarretik karabanan etorritakoak.

Greziarako karabanak astelehen gaua bertan pasatu zuen. Atzo kanpaldiak antolatutako jarduera askotan karabanako hainbat taldek parte hartu genuen. Honako hauek azpimarratuko ditugu:

“No border” akanpadaren irudi bat.

 

-Antolaketa batzarra. Bertan kanpaldi barneko antolakuntzarako batzordeetan, karabanako kideek izena eman genuen: Garbiketa, sukaldea, seguritatea, koordinazioa... Halaber, datozen ekintza eta manifestazioen prestakuntzari ekin genion.

-Tesalonikatik kanpo kokaturiko Oreokastro izeneko errefuxiatu siriarren esparruari bisita. Tesalonikaren inguruan 11 esparru daude. Atzo goizean bisitatutakoan, 100 kanping denda inguru biltzen dira, eta Idomenitik kanporatutakoak dira.

- Alemaniako kontsulatuaren aurreko protesta ekintza. Beyond Europe erakundeak deitutako elkarretaratzean parte hartu genuen, Alemaniak Europako politika migratzailean duen ardura salatuz. 300 lagun inguru bildu ginen. 

Suitzako kontsuletxearen aurrean hainbat suitzar eta euskaldunelkartuta, Nekane Txapartegiren askatasuna aldarrikatzeko.

- Suitzako kontsulatuaren aurrean Nekane Txapartegi euskal presoaren aldeko elkarretaratzea. Jakingo duzuenez, Espainiak estradizio eskaera egina du eta Nekanek erantzunaren zain segitzen du Suitzako espetxe batean.

- Migratzaileekiko batzar irekia. Akanpadan bertan daudenez gain, atzoko batzarrera, inguruko esparruetatik beste migratzaile batzuk etorri ziren beraien bizipenak eta aldarriak kaleratzera. Bitartean, familietako haurrekin jolastoki bat egokitu zen, euren gozamenerako.

- Tesalonikako portuko errefuxiatuen esparruari bisita. Itsas portuko instalazioetan 200 bat errefuxiatu bizi dira.  Hemendik hiru egunera, esparru hori utzi eta 1500 inguru errefuxiatu dituen beste esparru batera kanporatuak izango dira, non oraindik txarragoak diren bizi baldintzak izango dituzten. Neurri horren aurka borrokan ari dira eta horietako batzuek gose grebari ekin diote.

-Orfanotrofeio zentro sozialari bisita. Tesalonikako okupazio mugimenduak eraikin hau okupatu zuen, migratzaileei eskaintzeko. Egun 60 etorkin bizi badira ere, 150eraino bizi izan dira. Zentro autogestionatua da eta batzarren bidez bideratzen dute kudeaketa. Laguntza juridikoa eta laborala eskaintzen diete.

Honetaz gain, salatu nahi dugu karabanako lau kide, Idomenira egin zuten bisitan, identifikatuak eta komisaldegian ordu erdiz erretenituak izan zirela".

Datozen egunotan, kronika gehiago argitaratuko ditu ALEAk. 

Akanpadako hainbat kidek egindako margolana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide