Dendari elkarte berri bat jaio da Gasteizen

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 20a, 13:42

'Comercio Vitoria' taldeak auzoetako saltokiak sustatu nahi ditu, "ez bakarrik erdialdekoak"

Gaur egun hiriko merkatari-elkarte nagusiek egiten duten lanarekin pozik ez, eta dendari elkargune berri bat sortu dute Gasteizen:  Comercio Vitoria taldea, Gorbea kaleko merkatariek bultzatuta, bertako eredua gainerako auzoetara zabaltzeko asmoarekin.

"Hutsuneak" antzeman dituztelako sortu dute elkarte berria, asteartean egindako aurkezpenean Txema Alonso presidenteak azaldu zuenez. Gasteiz On zuzenean aipatu ez bazuen ere, kritikoa izan zen "Gasteizko merkataritzaren ustezko ordezkariarekin", bere hitzetan "planteamendu okerra darabilelako etengabe". Era berean, "batasun-falta" hauteman dute sektorearen interesak defendatzerako orduan, eta auzoetako elkarteak "irentsiak" izan direla salatu dute.

"Estrategia aldaketa"

Antzeman duten gabezietako bat auzoetako saltokiei dagokiena da, presidentearen arabera erdigunean ari direlako indarra egiten, gainerako merkataritza sustatzeko ahalegin nahikorik egin gabe: "Zonalde bakoitzean bertako saltokiak sustatu nahi ditugu, eta horretarako estrategia aldatzea eskatuko diogu Udalari". 

Gorbea kalean hartutako hainbat neurri beste zonalde batzuetara zabaltzea proposatu du elkarteak, baita bestelako ideia batzuk ere: erosketak egiteko espres-aparkalekuak, bezeroentzat eta merkatarientzat TAO merkeagoa (OTA, gazteleraz) eta zamalanetarako guneetan baldintza hobeak. 

Saltokiak modernizatzeko eta profesionalizatzeko ekimenak abiatu nahi dituzte ere, hala nola interneten duten lekua hobetzeko. Barrura eta kapora begirako marketingaren balioa azpimarratu dute, era berean. 

Merkatarien ahotsa

Saltzaileen ahotsa gehiago kontuan har dadin nahi du Comercio Vitoriak, Udalaren eta gainerako instituzioen merkataritza-hirigintza proiektuetan zeresan handiagoa izateko, besteak beste; horretarako, saltokien beharrak jasoko dituztela iragarri dute, ondoren abian dauden eztabaida-foroetara eramateko eta ordezkari politikoei helarazteko. Barrura begira, beharrezkoa ikusten dute merkatarien arteko koordinazioa eta parte-hartzea suspertzea. 

Euskal Dendak eta Euskal autonomoen elkartearen babesa du eragile berriak. Saltokiak doan egin ahal izango dira elkartearen bazkide. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide