Atarian ‘Askara’ askatu dute, Martiodan suspertu den zikoina

Mirian Biteri 2016ko uzt. 20a, 15:00

Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan, Atarian, gaur goizean zikoina zuri gazte bat askatu dute.

Aurten Done Bikendi elizan jaio eta Martioda zentroan suspertu da zikoina, Gasteizko erdialdeko barruko patio batean agertu ondoren.

Suspertutako zikoinari Aranzadiren Eraztuntze Bulegoaren metalezko eraztun ofiziala eta PVCzko beste bat jarri zaizkio, bere jarraipena eta azterketa egiteko. Halaber, neurri biometrikoak hartu zaizkio eta, azkenik, hegaz joan da Green Summer Camp udalekuetako umeen aurrean.

Zehazki, zikoina zuria ohiko espeziea da Arabako Foru Aldundiaren mende dagoen Martioda Faunaren Suspertegian. Izan ere, 2015ean hamabost zikoina pasa ziren bertatik, gehienak habiatik erori eta gero. Aurten ere, 5 ale sartu dira zentroan eta ‘Askara' izan da suspertu den lehena.

Zikoinen egoera Gasteizen

Aurten, guztira, 36 bikote izan dira hazten Salburuko hezeguneetan. Bertan finkatutako bikoteetatik 24k arrakasta izan zuten eta 64 txita hazi dituzte. Salburuko hezeguneetan zikoina zuriak izan duen batez besteko produktibitatea 2,6 txita dira bikote bakoitzeko.

Aintziraka, hauxe izan da habien banaketa: 3 bikote Betoñukoan, 1 Arkauti, Elorriaga eta Betoñu herrietan, 8 Larreganakoan eta 24 Arkautikoan. Ondorioz, Arkautiko aintzira da espezie horren bigarren koloniarik onena Araban, Orenin irlako koloniaren atzetik Uribarriko urtegian. Emaitza horiek lortzeko, hezegunea bisitatu da astean behin otsailetik ekainera bitartean.

Zortzi basahate

Zortzi basahate ere askatu dituzte Martiodako teknikariek, horiek ere zentroan bertan suspertutakoak. Guztira, 25 urteko ibilbidean zehar, 10.984 animalia pasa dira Martioda Faunaren Suspertegitik.

Erlazionatuak

Martiodako zentroa, klinikatik askatasunera

Saioa Fdz. de Arangiz / Estitxu Ugarte 2016 api 21 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide