27 film labur eskainiko ditu Korterrazak

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 15a, 12:45

Uztailaren 20tik 23ra izango da hitzordua, Artium museoaren barruko plazan. Proiekzioez gain, kontzertuak eta lantegiak egingo dituzte.

Asteazkenean hasita eta larunbatera bitartean, Korterraza film laburren jaialdia ospatuko da Gasteizko Artium museoaren barruko plazan. Zazpigarren urtez, izarpean zinemaz gozatzeko aukera izango dute gasteiztarrek, Kultura Kalean elkarteak antolatutako ekimenari esker.

Aurten, 600 film laburren artean 20 lan aukeratu dituzte sail ofizialerako. Guztira, 27 lan erakutsiko dira. Horietako batzuk, euskal sortzaileenak, Ilune Diaz (Gasteiz), Marta Onzain (Bilbo) eta Axier Salazarrenak (Bilbo) kasu, baita Kepa Sojo zinemagile laudioar ezagunarena ere. Estatu mailako egileak dira gainerakoak, eta beste herrialdeetako autoreak ere badaude zerrendan, Txekia eta Argentinakoak kasu.

Euskaraz sei lan eskainiko dituzte: Don Miguel, Hartz Txiki, Hileta, Igande bateko proposamena, Zarautzen erosi nuen eta No abortamos. Etxeko txikienei begira, zortzi film aukeratu dituzte. Korterraza Txiki izeneko saioetarako.

Tailerrak eta kontzertuak

Film laburrez gain, hainbat jarduera osagarri eskainiko ditu Korterrazak. Dj-lanetan murgildu nahi dutenentzat, eskolak eskainiko ditu Dj Lorok zenbait herritan. Bestalde, lau kontzertu antolatu dituzte, The Allnighters, Enemigos Intimos, Vinila Von Bismarck eta Mal y tarde taldeekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide