Arabieraz ere, euskara gertu

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 14a, 17:07

Lehenbiziko aldiz arabieraz egingo ditu Gasteizko euskararen historia sozialari buruzko bisita gidatuak GEU elkarteak.

 

Gasteizko euskararen historia sozialari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu GEU elkarteak, eta aurten gazteleraz gain, arabieraz egingo dituzte lehenengo aldiz, darijaz hain zuen ere. Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna izenarekin bataiatu dute hirian euskarak historian zehar izan duen bilakaerari buruzko bisitaldien programa.

 Alde Zaharrean barrena egingo dituzte ibilbideak, uztailean, eta bi ordu inguruko iraupena izango dute. GEU elkarteak gidatuko ditu, eta Udaleko Euskara Zerbitzuari esker doakoak izango dira. 

Darijaz –arabieraz– egingo den bisita gidatua uztailaren 20an izango da, asteazkenez, 18:30ean Oihaneder Euskararen Etxeko klaustrotik hasita. Ibilbidea Nadia Qourchik gidatuko du; Euskal Herriko Unibertsitateko itzulpengintza eta interpretazioko ikaslea da Qourchi, Gasteizen.

Beste alde batetik, uztailaren 19an, asteartez, gaztelerazko ibilbide gidatua egingo dute, 18:30ean Oihanederreko klaustrotik hasita. Publikoak interesa izanez gero, gainera, ibilbidea euskaraz egiteko aukera ere izango da.

Bost ataletan antolatuta dago ibilbidea, eta horiekin lotuta bost geraldi egingo dituzte bisitariek: Hiriko historia eta lekukotzak ezagutzeko Goiuri jauregian geldituko dira, ondoren Ramon Bajo ikastetxean irakaskuntzaren eta hezkuntzaren inguruan arituko dira, eta hirugarren geldialdia Aiztogile kalean egingo dute, Errexala elkartearen parean, hortxe egon zelako Bagare euskal txokoa. Laugarren geraldia erabiliko dute helduen alfabetatzeaz eta euskalduntzeaz hitz egiteko, eta ondoren kultura adierazpenak, eta eragile instituzionalak eta proiektu berriak azalduko dizkiete partehartzaileei. Abiapuntura itzuliko dira amaitzeko.

Bisita hauetan galdera eta kezka ugari argituko dizkiete partehartzaileei, hala nola, zergatik hiriak bi izen dituen, ea guztiz galdu ote zen euskara Gasteizen, nortzuk diren Olabide, Odon de Apraiz edo Landazuri, zer den Oihaneder Euskararen Etxea, etabar.

Izena emateko: info@geuelkartea.eus / 945 222 153 / 648 90 75 65

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide