Gasteiztarrek gutxiago ordainduko dute etxebizitza-zergagatik

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 13a, 13:02
Gasteizko Abendaño kalea. Argazkia: David Mangana.

Gorka Urtaranen udal-gobernua eta EH Bildu akordio batera iritsi dira; industria, saltoki eta bulego handiek pisuek baino zerga altuagoa ordainduko dute.

Hamar gasteiztarretik zortzik zerga baxuagoa ordainduko du etxebizitza bat  jabetzan izateagatik: Gorka Urtaranen udal-gobernua eta EH Bildu koalizioa akordio batera iritsi dira, 2017ra begira Ondasun Higiezinen gaineko Zerga berria (OHZ, edo IBI, gazteleraz) onartzeko.

Azken orduan lortutako adostasuna izan da, beranduenez aste honetan erabaki behar zuelako Udalak hiriko pisuei ezarriko dien zerga. Izan ere, Foru Aldundiak jakinarazpen bat bidali behar baitie irailean arabar guztiei, zenbat ordaindu beharko duten zehazteko.

Batetik, euren pisuen katastro-balio berria jakinaraziko die Diputazioak hiritarrei  (alegia, Aldundiak berak ematen dien balio-administratiboa, kontuan hartuta kokalekua, tamaina eta antzinatasuna bezalako ezaugarriak). Orokorrean, etxebizitza gehienen katastro-balioa jaitsi egin da, merkatuan gertatu den prezioen erortzearekin batera. 

Horrez gain, balio horren gainean Udalak ezarriko duen zerga portzentajea jakinarazi behar die Aldundiak zergadunei. Zenbateko hori da, hain zuzen, asteartean jeltzale eta sozialisten udal-gobernuak ezkerreko euskal koalizioarekin adostu zuena, EH Bilduren proposamena onartuz. PPk kontrako botoa eman zuen, eta Podemos eta Irabazi abstenitu egin ziren. 

Zerga igo, kuota jaitsi

Zehazki, %0,22tik %0,32ra igoko da etxebizitzen gaineko zerga. Horrek %44ko igoera suposatzen du tipoan, baina portzentaje hori pisuen balio katastralaren gainean ezartzen denez, eta balio hori jaitsi denez, ordaindu beharreko kuota baxuagoa izango da. Zehazki, gaur egun baino %15 merkeagoa izango da ordainagiria Gasteizko 96.114 etxebizitzentzat (guztien %84an). Horietatik, 63.000entzat %20tik gorakoa izango da merketzea. 

Kuota horietan, gainera, deskontua lortzeko aukera izango dute gasteiztarrek, Irabazik eta Podemosek aurkeztutako proposamena onartuta: efizientzia energetikoa neurtzen duten etiketen artean A motakoa duten pisuek %50eko hobaria lortu ahal izango dute, eta B ziurtagiria dutenek, %25ekoa. 

Oraingoz, aldiz, ez dago nobedaderik babes ofizialeko etxebizitzentzat, aurten jasan duten zerga-garestitzeari dagokionez (%28ko igoera, zehazki). 2016ko kuotan ez da aldaketarik egongo. Datorren urtera begira, aipatutako portzentajeak ezarriko zaizkie. 

Etxebizitzen aldean, zerga-portzentaje altuagoa ordainduko dute beste erabilera batzuetako jabetzek. Zehatz-mehatz, %0,41a ezarriko zaie industria pabiloi, bulego eta saltoki handiei, baita eraikin berezi eta kirol, ikuskizun, turismo, osasun, kultura eta erlijio erabilera duten ondasunei ere.

Beste zerga batzuk, igo

 Guztira, zerga honen bidez 43 milioi biltzea aurreikusten du Udalak, iaz baino bi inguru gutxiago. Hori konpentsatzeko, beste zerga batzuk igotzea aurreikusten dute, hala nola enpresa handiek ordaintzen duten Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga (JEZ) edota bestelako tasa eta prezio publiko batzuk.

Horiek ezartzeko, datozen hilabeteetan eztabaidatuko dute Udalean eta, kontuan izanda gehiengorik gabe gobernatzen dutela, EAJk eta PSEk gainerako alderdien babesa lortu beharko dute; gutxienez, EH Bildu edo PPrena.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide