300 jarduera inguru eskainiko dira gizarte etxeetan

Erredakzioa 2016ko uztailaren 12a

Urritik abendura bitartean, 32.000 leku inguru eskainiko dira. Izena emateko epea datorren ostegunean zabalduko dute.

Datorren ikasturtean gizarte etxeetan eskainiko diren jardueren programa aurkeztu dute gaur. Urritik abendura bitartean, esaterako, 31.852 leku eskainiko dituzte 299 jardueratan.

Aurten %6 igo da eskaintza eta esleipen sistema bera mantendu da: eskaria handia denez, hainbat ikastarotara lekuak (kirola, kultura, gizarte sustapena, hiri baratzeak eta ludotekak) zozketa informatiko bidez banatuko dira.

Zozketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea uztailaren 14an hasiko da eta irailaren 5era arte iraungo du eta modu hauen bitartez aurkez daitezke:  Udalaren web-orrian; 010 telefono zenbakira deituz; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan. Zozketa, irailaren 6an egingo dute, 11:00etan.

Euskara eta berdintasuna sustatzeko ikastaroetan, eta kirol eta gizarte sustapenerako jarduera batzuetan, aldiz, ez da zozketarik egin beharrik izango, eta izena ematearen hurrenkerari jarraituko zaio.

Iaz bezala, udal instalazioetako abonatuek %40ko deskontua izango dute gizarte etxeetako jarduera guztietan. Langabetuek ere % 15eko deskontua izango dute.

Ikusi ikastaro eta jarduera guztiak: Gizarte etxeetako eta kirol instalazioen jarduera programa (2016-2017)

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago