Bisita tematiko anitz eskainiko ditu udan Gasteizek, turismoa erakartzeko

Erredakzioa 2016ko uzt. 11a, 16:20

El silencio de la ciudad blanca eleberrian eta Sacamantecasen krimenetan oinarritutako ibilbideak edo Santa Isabel hilerria eta Fournierren Karta bildumaren historia ezagutzeko bisita eskainiko ditu, besteak beste, udako turismo kanpainak.

Gasteizko Udalak uztailaren 15etik irailaren 18ra arte iraungo duen udako turismo kanpaina aurkeztu du gaur goizean. Bertan, askotariko jarduerak, bisita tematiko berriak eta turismo proposamen ezberdinak eskaintzen zaizkie gasteiztarrei zein bisitarie. Dagoeneko sendotuta dauden ibilbideez gain, esate baterako, Erdi Aroko hirigunekoak, aurten bisita tematiko berriak antolatu dira.

El silencio de la ciudad blanca eleberriaren ibilbidea

Aurten, besteak beste, eleberri baten istorioaren bitartez Gasteiz berraurkitzeko aukera eskainiko du programak; zehazki, Eva Garcia Saenz de Urturi dazle gasteiztarraren El silencio de la ciudad blanca eleberriari esker. Izan ere, eleberri une honetan salduenetako bat da, eta idazleak agertoki nagusiak ezagutzeko bisita gidatua diseinatu du. Gainera, nobelaren protagonistek korrika ibiltzea atsegin dute, eta Gasteiz kirol jarduera hori praktikatzeko aparteko lekua denez, nobelan oinarritutako running ibilbide berezia ere diseinatu da, Gasteizko leku turistikoetan barrena.

 

Heraclio Fournierren historia

Era berean, Heraclio Fournierren heriotzaren mendeurrenarekin lotutako ibilbidea ere eskainiko da, BIBAT museoarekin batera. Fournierren Karta bildumaren historiaren hasiera ezagutzeko parada emango du bisitak, eta enpresa horrek hiriaren historian izan duen eragina.

Sacamantecas

Kondairazko Gasteiz ibilbide-multzoan, berriz, Sacamantecas deitutakoaren krimenetan oinarritutako ibilbidea sortu da, ezkutatu eta biktimei zelatan egiteko ustez erabiltzen zituen lekuetako batzuk ezagutzeko. Garaio kasu ospetsua inguratzen duten mitoak eta benetako gertaerak aztertuko ditu bisitak.

Hilerria eta etxarteak

Leku bitxiak ezagutzeko bisiten barruan, aurtengo udan zabaldu egingo dira Santa Isabel hilerriko bisitak, eta bertsio antzeztua egingo da. Orobat nabarmendu behar dira Erdi Aroko harresiaren gaueko bisita eta etxarteenak.

 

Katedral berriaren bisita

Santa Maria katedralaren bisitaz gain, aurten gotzaindegiko ondare zerbitzuak katedral berriaren bisitak jarri ditu martxan; horrek interesgune berriak sor ditzake Zabalgunean.

Beste berrikuntza bat Europa biltzar-jauregi berritua ezagutzeko bisitaldi gidatuak dira.Fatxada nagusiari eta terrazari eskainiko zaie arreta berezia.

Horietaz gain, Goiuri eta Eskoriatza-Eskibel jauregiak zein Montehermoso kulturunea ikusteko ohiko bisitak egingo dira.

 

Horrez gain, aurten ibilbide irisgarri inklusiboak eskainiko dira, entzumen dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, zeinu-hizkuntzako interprete baten laguntzaz. Bai El silencio de la ciudad blanca nobelan oinarritutako bisitak bai Fournier 100 urte bisitak bertsio irisgarria izango dute, uztailaren 30ean eta irailaren 16an, hurrenez hurren. Orobat, dibertsitate funtzional fisikoa edo ikusizkoa dutenek Erdi Aroko bisitaldi gidatua egin nahi badute, nahikoa izango dute erreserbatzerakoan jakinaraztea bisita egokitzeko.

Uztailaren 1etik aurrera, Turismo Bulegoak ordutegia zabaldu du, 10:00etatik 20:00etara, egunero, jaiegunak eta igandeak barne. Orobat, udako kanpainako katalogoaren 18.000 ale argitaratu dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Informazio gehiago:  Udako kanpaina

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide