Jazzaren hiriburua izango da Gasteiz datorren astean: asteartetik larunbatera, Jazzaldiaren 40. edizioak 60 kontzertu eskainiko ditu, horietatik 45 doakoak, kalean eta hiriko hainbat tabernatan. Zaleen aspaldiko ezagunak eta aurpegi berriak uztartuko ditu aurtengo eskaintzak, gospela, bluesa, pop-ikutuko doinuak eta joera berrienak barne hartzen dituen egitarauarekin.
Urteurren honetako plater nagusietako bat Kenny Barron pianista eta David Holland baxu-jotzailea izango dira, elkarrekin kontzertu bat eskainiko dutelako esklusiban Mendizorrotzan. Haien ondotik egitarauaren beste izarretako bat igoko da oholtzara: Jamie Cullum, pop zertzeladekin beste behin ere pabiloia goraino betetzeko prest, 2005ean Gasteizen eskaini zuen Espainiako lehenengo kontzertuan bezalaxe.
Itzal handiko beste izen batzuk egongo dira egitarauan, horietatik txalotuenetako bat Miamiko abeslari Cecile Mclorin Salvant-ena. Duela hiru urte Arabara etorri zenean, jaialdiko artistarik goretsienetako bat izan zen.
Gasteizko publikoa zutik jarri duen beste artista bat Joshua Redman saxofoi-jotzailea izan da. Duela lau urte ikusi eta entzun ez zutenek datorren ostegunean izango dute bigarren aukera, bere laukotearekin arituko baita pabiloian. Sona handiko beste zenbait musikari igoko dira oholtzara, Pat Metheny gitarrista eta Ron Carter baxu-jotzailea kasu.
Gure mendeko jazza ezagutu nahi dutenek Principal antzokian izango dute parada. Bertan, gasteiztar batek irekiko du egitaraua: Pablo Martin Caminero baxu-jotzailea, flamenkoa eta jazza uztartzen dituena. Berarekin batera Chris Cheek saxofonista arituko da, Konexioa izeneko saioan (alegia, euskal musikariak eta estatubatuarrak elkartzen dituen proposamenean).
Haien ondoren, bestelako partiturak eskainiko ditu Principalek: Mediterraneoko doinuak, nahasketa elektroniko eta akustikoak, bakarkako pianoaren bibrazioak eta Charlie Parker saxofonistari omenaldi bat.
Doako emankizunak
Kontzertuetarako sarrera solteak 15 eurokoak dira Principal antzokian. Mendizorrotzan, aldiz, 15 eta 40 euro bitartekoak dira prezioak, emanaldiaren arabera. Abonamenduak ere eros daitezke: Principalekoa, 50 eurogatik; eta Mendizorrotzakoa, 100 edo 150 euroan, eserlekuaren arabera. Modu horretan, %33raino aurreztu daiteke.
Doako emankizunak ere egongo dira. Canciller Ayala hotelean, Florida parkean, bi talde arituko dira gauerdiak girotzen: Benny Green hirukotea (pianoa, baxua eta bateria) eta Louis Prima Forever zortzikotea (ahotsa, tronboia, saxofoia, tronpeta, pianoa, gitarra, baxua eta bateria). Hamabietan eskainiko dute lehenengo kontzertua, eta 01:00etan bigarrena. Sarrera librea da.
Horrez gain, hiriko hainbat tabernek jazza eskainiko dute, Estitxuk, O'Connorsek eta Prado kafetegiak kasu. Kalean, New Orleanseko konpasak entzungo dituzte oinezkoek 13:00ean eta 19:30ean, Kataluniatik iritsitako Shakin'all brass band taldearen eskutik, aurreko beste edizio batzuetan bezalaxe.
Aurten, 862.000 eurokoa izan da jaialdiaren aurrekontua, iaz baino 56.000 euro altuagoa. Kopuru horretatik %40a instituzio publikoek ordaindu dute; alegia, 340.000 euro.
Egitaraua Jazzvitoria.com atarian dago ikusgai.
Urteurrenerako, disko bikoitza
Bestalde, 1977az geroztik egindako ibilbidea ospatzeko, disko bikoitza argitaratu dute Gasteizko Jazz jaialdiko antolatzaileek. Iñaki Añua zuzendariak aukeratuta, 19 gai bildu dituzte, tartean, Ella Fitzgerald, Jamie Cullum, Cecile McLorin, Norah Jones, Diana Krall eta Jose James musikarien doinuak.