Tranbia hegoaldera luzatzea eta bus azkarra aztertzen hasiko da Udala

Erredakzioa 2016ko uztailaren 8a

EAJ, PSE-EE eta EH Bildu akordio batera heldu dira eta tranbia hegoaldera luzatzeko eta autobus azkarra aztertzen hasteko finantzazioa onartu dute. Akordioak ez du tranbia Salburura edo Zabalganara luzatzea aurreikusten.

 

Gaur goizean egindako osoko bilkuran, Gasteizko Udaleko Udalbatzaren gehiengoak tranbia hegoaldetik unibertsitateraino eta Adurtza eta San Kristobal auzoetaraino luzatzeko finantzaketa onetsi du. Horrez gain, Gasteizen BRT edo bus azkarra ezartzeko proiekturako finantzazioa ere onartu dute. EH Bilduk aurkeztu du proposamena eta EAJ eta PSE-EE taldeen aldeko botoa jaso du. Modu honetan, bidea ireki diote mugikortasun iraunkorreko azpiegitura horiek aurrera ateratzeko behar den aurrekontu aldaketari, konpromiso-kredituen bidez.

Hala ere, akordio honek ez du aurreikusten tranbia Salburura edo Zabalganara luzatzea, hori dela eta, PP, Podemos eta Irabazi taldeek kontra bozkatu dute.

Ildo horretan, udal gobernuak  Salburua eta Zabalganarako irtenbideak aztertzen jarraituko duela adierazi du, bai eta Arabatran proiektuaren bideragarritasuna ere, "horrek ez dituelako eragozten tranbiaren luzapenak, osagarria izan baitaiteke". Akordio honek argia eman dio azken asteetan blokeatuta zegoen Gasteizko mugikortasunaren egoerari.

"Datozen hilabeteetan, Salburua eta Zabalganeko konexioei buruzko informazioa osorik dugunean, ahalmen handiko eta lehen mailako alternatiba bat plazaratuko dugu, auzo horien beharretara erantzuteko. Proiektu hau fasetan egingo da, eta gaur lehenengoa hasi da”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

"Arduragabekeria"

Irabazi udal taldeak EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa "arduragabekeria" dela adierazi du eta hori lortzeko modua ere kritikatu du. "Osoko bilkuran aurkeztu dute zuzenketa, in voce, gainontzeko alderdi politiko guztiak kontuan hartu gabe". Irabazi taldeko bozeramaile Oscar Fernandezek ez du ulertzen EH Bilduren jarrera aldaketa hau, "beti ekialde-mendebaldeko loturaren aldeko apustua egin duenean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago