Tranbiaren luzapenean oposizioko taldeen "arduragabekeria" salatu dute Salburuko bizilagunek

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uztailaren 8a

Oposizioko talde politikoak tranbiaren ezarpena blokeatzen ari direla kritikatu du Salburua Burdinbide auzo elkarteak, "soilik interes intelektoralak dituztelako”.

Salburuko bizilagunak “oso arduratuta” daude oposizioko talde politiko guztiek tranbiaren eta autobus azkarraren ezarpenaren inguruan duten “arduragabetasunagatik”. Salburua Burdinbide auzo elkartearen ustez, “oposizioko talde politikoak tranbiaren ezarpena blokeatzen ari dira, soilik interes intelektoralak dituztelako”.  

Auzo elkarteak gogoratu duenez, 2015eko azaroan auzokideen artean inkesta bat egin zuten eta gehiengoak tranbia auzora heltzea nahi zuen. “Ez dugu ulertzen zergatik orain PP proiektutik aldendu egiten den, hasiera batean horren alde egin zuenean”, adierazi du elkarteak ohar baten bidez. “ Beti bezala kaltetuak bizilagunak gara”.

EH Bilduren jarrera ere gogor kritikatu du Salburua Burdinbidek. “Ez du amorerik ematen: edo bere proiektua garatzen da, edo bakat bat ere ez”. Arabatran tranbiaren osagarria izan daitekeela uste du auzo elkarteak, auzoa Jundizekin konektatuko lukeena, “baina udalak ez du eskumenik eta proiektu horretan RENFE eta ADIFekin lan egiten duten bitartean, tranbian lan egiten jarraitu dezakete”.

Egoera honen aurrean, irailaren amaieran udal talde politiko guztiak gonbidatuko dituzte, auzokideekin batera gaia eztabaida dezaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago