Schommer argazkilari gasteiztarraren omenezko erakusketa, Montehermoson

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 13a, 12:41
Argazkia: Alberto Schommer fundazioa.

Alberto Schommer argazkilari gasteiztar unibertsala hil zenetik hamar hilabetera, bere lana ikusgai egongo da ur-biltegian uztailaren 14tik irailaren 18a bitartean. 

 

Gasteizko argazkilaririk nazioartekoenaren lana ikusgai izango da datorren astetik aurrera bere jaioterrian: Montehermoso kulturuneak Alberto Schommerri buruzko erakusketa antolatu du ur-biltegian, Oroimenean izenburupean. 

Duela hamar hilabete hil zen artista arabarra Donostian, 87 urte zituela. Gasteizen jaioa (1928. urtean), aita argazkilaria zuen: Alberto Schommer Koch, medikua profesioz eta Espainiako 40 eta 50. hamarkadetako argazkilaririk aitortuenetakoa.

Aitaren urratsak jarraituz, semeak ere argazkilaritza ikasi zuen Alemanian eta Frantzian, eta nazioarte-mailan erakutsi zuen bere lana, sari garrantzitsuak lortuz: 2013an, esaterako, Espainiako argazkilaritza sari nazionala jaso zuen; Araban, bere aitortzarik garrantzitsuena eman zion Foru Aldundiak 1994an: lurraldeko urrezko domina.

Erretratuak izan dira Schommerren ibilbideko lanik ezagunenak. Batez ere, pertsonaje publiko eta ezagunei egindakoak, tartean Andy Warhol artistarena. Argazkilaritza-genero hori lantzeko bere modu bereziak oihartzun handia izan zuen 70. eta 80. hamarkadetan, eta Espainiako trantsizioaren kronika bisuala bilakatu ziren bere argazkiak. 

Adurtza auzoan bere izena duen kalea dago, eta Florida pasealekuan, monolito bat.

Bisita gidatuak

Ostiraletan: arratsaldeko 19:00etan.Uztailak 15, 22 eta 29; abuztuak 19 eta 26; eta irailak 2. 

Larunbatetan: 12:00etan. Uztailak 16, 23 eta 30; abuztuak 20 eta 27; eta irailak 3. 

Izen-emateak: posta elektronikoz (info.montehermoso@vitoria-gasteiz)edo telefonoz (945-16 18 30). Doan.

Hizkuntza: Gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez, taldearen arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide