Jaietan jasandako "jazarpen poliziala" salatu du Judimendiko jai batzordeak

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 1a, 09:07

Bizilagunek auzoko jaiak "arriskuan" daudela uste dute; "Udaltzaingoaren presentzia eta jarrera lekuz eta neurriz kanpokoak hori pentsatzera garamatza".

Judimendiko bizilagunek auzoko jaiak "arriskuan" daudela salatu zuten atzo Sefarad plazan egindako agerraldi jendetsuan. "Udaltzaingoaren presentzia eta jarrera gure ustez lekuz eta neurriz kanpokoak hori pentsatzera garamatza".

Auzokideen ustetan, Judimendiko jaiak desagerrarazteko erabakia hartu dutela ematen du, nahiz eta, "gure ustez, oso maitatuak diren eta auzotar asko eta asko egoten den jaien zain". Jai hauek ibilbide historiko luzea dutela gogorarazi zuten jai batzordeko ordezkariek; horren adierazle, hamarkadetan zehar parte hartu izan duten milaka pertsonak.

Auzoko bizilagunen arabera, legean oinarrituta, udaltzaingoak tabernak eta txosnak ixteko ordutegi "bidegabe eta baztertzailea hartu dute presio-bidetzat, jai-egitarauaz gozatzeko modua baldintzatze aldera". Azaldu dutenez, ordutegi murriztaile hori mugarik gabe luzatzen da Azkena Rock jaialdia, Jazzaldia, Andre Maria Zuriaren Jaiak edo Aste Santua denean, eta uste dute horrek ez duela batere zentzurik: "jakitun gara aipaturiko ekitaldietan ordutegia luzatzeak ez duela girorik sortzen auzoetan, baizik eta hiriko Alde Zaharrean soilik".

Judimendiko jai batzordeak salatu du udaltzainak bertaratu, eta hainbat tabernari establezimendu kanpoko barrak kentzera behartu zituztela, isun administratiboa jaso zezaketela jakinarazita eta udal baimenik ez zutela argudiatuta. "Horrelakorik ez da gertatu azken bi hamarkadetan". 

Era berean, Sutaustegi parkean euren salgaiak atonduta zeuzkaten kale-saltzaileak postuak kentzera behartu zituztela salatu dute, baita hainbat egunetan feriako jolas-makinak ixtera behartu zituztela.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide