Gasteizko Jaiak 2016

'Gasteiz Xelebrities' lehiaketa abian

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 2a, 07:00

Geu elkarteak playback txapelketa antolatu du, abuztuaren 3an Matxete plazan euskarazko doinuak taularatzeko

Gasteizko euskaltzaleen Geu elkartea buru-belarri dabil jaietako txosnari lotutako egitaraua antolatzen. Aurten, lehiaketa xelebre bat izango da nobedade nagusietako bat Aihotz plazan: Gasteiz xelebrities txapelketa, hiru eta 12 lagun bitarteko taldeentzat. Euskarazko abesti bat hautatu eta, koreografia eta janzkera aproposak aukeratuta, abuztuaren 3an (20:00etan) oholtza gainera igoko dira euren talentua erakutsi nahi duten kuadrillak, familiak, lankideak edo bestelako taldeak. 

Gasteizko jaietako "izaera euskaldun, parte-hartzaile eta herrikoia" sustatzeko antolatu dute xelebritien txapelketa, "beste herri batzuetako esperientziek inspiratuta". Hala azaldu dute Maialen Agirrek eta Iban Albizuk, elkarteko kultura-taldeko ekintzaileek. 

Lau sari banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Playback onenak 200 euro jasoko ditu; 30 urtetik beherakoentzat beste 200 euroko gazte-saria egongo da; eta koreografiarik eta muntaketarik onenek 100 euro jasoko dituzte bakoitzak. Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, uztailaren 17ra arte. Geuren webgunean azaldu dituzte xehetasun guztiak (www.geuelkartea.eus). 

'Lelobila lehiaketa'

Horrez gain, Matxete plazako txosnako aurtengo leloa aukeratzeko lehiaketa abiatu du bigarren urtez Geuk. Jasotako esaldiekin bozketa egingo dute internet bidez, eta hautatutako leloa aurtengo kamisetetan, txapetan eta poltsetan idatziko dute abuztuaren 2an txosnan bertan antolatu duten kustomizazio saioan (Kustumatxa izeneko tailerra). 

Sarituak bi lagunentzako afari bat irabaziko du Hala Bedi tabernan. Uztailaren 10era arte bidali daiteke esaldia posta elektronikoz (info@geuelkartea.eus), Twitter bidez (@geuelkartea eta #lelobila), Instagram erabiliz (@geuelkartea) edo whatsappez (688 881 91 18).    

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide