Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jaiak prest

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 27a, 15:26

Uztailaren 3ra bitartean, askotariko jarduerak izango dira Gasteizko muinoko kale, taberna, denda eta txoko ugaritan, auzoko jai autogestionatu eta parte-hartzaileetan. 180 laguntzaile baino gehiago izango dira aurten.

 Zortzigarren urtez Zaharraz Harro!! Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoiak ospatuko dira. Gaur hasita eta uztailaren 3ra bitartean jarduera anitz egingo dira muinoko gune ezberdinetan.

 "Auzotarrek auzoan auzoarentzat" eginiko festak direla diote antolatzaileek. Beti bezala, autogestioa izango dute oinarri eta  jaien baliabide ekonomiko nagusiak auzoko komertzio txikiek eta tabernek emandako ekarpenak (ekonomikoa bai, baina batik bat generoa) eta horiei esker zozketatuko dituzten 9 saskietako boletoak izango dira. Nabarmentzekoa da aurten laguntzaile moduan 180 taberna eta komertzio txiki baino gehiago izango dituztela festek.

Auzotarren partaidetza, oinarri

 Urtero bezala, jardueraz betetako programa osatu dute. Bertan parte hartzen dute auzoarekin lotura duten kolektibo ezberdinek, jarduera ezberdinak aurrera eramaten dituzten tabernariek, komertzioek eta taldeek zein asanbladan parte hartzen duten auzotarrek ere. "Guztia, bakoitzaren ahaleginak eta gaitasunak, musu-truk eskainia, eta nahi duen orok musu-truk jasoko duena". Izan ere, partaidetza da jai herrikoi hauen hanketako bat. 

 Konpromisoak

Aurten ere norbanakoei eta auzoko komertzioei zuzendutako konpromisoen kanpaina abian jarri dute. Eduardo Galeanoren “Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezake” esaldia oinarri hartuta, auzoa hobetzeko bost konpromiso proposatu dituzte, eta edonork parte hartu dezake. Hauek dira konpromisoak: euskara bakoitzaren gaitasunen arabera erabiltzea, auzoaren izaera komunitarioa zaintzea, eraso sexistei aurre egiteko ekimenetan parte hartzea, ahalik eta plastiko gutxien eta auzoko berrerabilpen esparruak erabiltzea eta auzoko komertzioetan eta produktu lokalak kontsumitzea.

 Egitarau zabala

Asko dira jaia irauten duten zazpi egunean egingo diren jarduerak. Adibidez, ostiraleko haurren ginkana, larunbateko aldarrikapen jolasa, auzoko zaharrekin arratsalde pasa edota Gaztetxeko guatekea. Bestalde, aurreko urteetan bezala, aurten ere bazkari herrikoia egingo dute, auzokideek beraiek ekarritako janari, mahai eta aulkiekin. Era berean, auzoan, astelehenean hasi eta igandera bitartean egongo diren musika emanaldi ezberdinak, mota guztietako dantzak, tailerrak, zine emanaldiak, antzerkiak zein umeentzako ekintzak, besteak beste.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide