Orain eta beti

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2016ko eka. 23a, 16:55

La Nación egunkarian agertutako argazkia. /Eliana Aponte

"Gizatasuna eman edo kentzeko jarrerak aski ezagunak dira"

Argazkilari kolonbiarra den lagun batek Kolonbiako egunkari handieneko azalean ikusitako argazkiak harrituta utzi diola esan dit. Neska bat eta mutil bat, biak gerrillariak. Mutila alkandorarik gabe erdi etzanda; neska aurrean eserita mutila besarkatzen, musukatzeko prest, irribarrez, oihanaren erdian, kartutxo-gerrikoa eta AK-47 bat albo batean, landare koloretsuei kontrastea egiten. Barruan, FARC-i buruzko artikulu bat: aurrez aurre, modako aldizkari bateko modeloa balitz bezala, uniformedun neska gazte zuria eta polita, leunki argiztatua,  oso interesgarria dirudien bilera batean, kanpamenduaren ezkerreko aldean. Hau guztia gobernuak gerrillarekin duen elkarrizketak, edota FARC-ek amore emango duela zuritu ahal izateko. Aurretik "arratoi zikoitzak" eta "txerri zikinak" zirenak orain izena, aurpegia, lagunak eta familiak dituzte eta guapoak dira, gainera.

Tamalez, gizatasuna eman edo kentzeko jarrerak aski ezagunak dira munduko leku guztietan. Gerrak sortzeko edo indargabetzeko taktika baliogarria dela eta ezkutuko interesak defendatzeko erabiltzen den trukua besterik ez dela, badakigu. Irudi ederrez, eraginkorragoa. 

Baldin badakite guk dakigula gezurra dela esaten digutena, zergatik esaten dizkigute gezur berberak? Baldin badakigu, zergatik irensten dugu kaka bera behin eta berriro? Zer da zuritu behar duguna? Baietz bozkatzera joan berriro!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago