Montauk taldea, Gasteizen, 2014ko azaroan sortu zen. Beñat Goitia abeslari eta gitarjoleak bakarlari gisa sortu zenbait kantu gorpuztetik abiatu zen proiektua. Beraz, bakarkako proiektuaren gorpuzteak sortu du Montauk. Hasieran, Gorka Etxeberria bateriajolea eta Jon Aranburu gitarjolea hasi ziren Beñatekin batera proiektuari arnasa ematen eta beranduago sartuko ziren Goio Askartza baxuan eta Aitor Garcia de Vicuña egungo gitarjolea.
Urte luze bat proiektua sendotzen igaro ostean, 2015eko azaroa eta abenduan taldearen aurkezpena izango ziren zenbait kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian zehar eta 2016an, diskoaren prestaketa eta grabaketan aritu dira buru-belarri. 2015eko abenduan Gasteizko Udalak antolatu Gaztetalent lehiaketa irabazi zuten.
2016ko aste santuan grabatu dute diskoa Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioetan Jonan Ordorikaren gidaritzapean, eta apirilean zehar nahasketak eta masterizazioa Azkaraten bertan egin dituzte, Mamia estudioetan, hauek ere Jonan Ordorikarekin. Diskoa 2016ko maiatzean argitaratuko da.
Montauken doinuak deskribatzeko, diskoa entzutea da gomendio fidelena, rock intimistaren atmosfera pisutsuetatik pop esperimentalagoetaraino egiten baitute jauzi.
Montauk New York ondoko hiriburu bat da, baztertua, berezia, bereizia. Bertan kokatzen da Max Frisch idazle suitzarraren Montauk nobela. Baina Gasteiztarren izenaren zioak Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelan du jatorria, bertan aipatzen baita Frisch-en nobela eta bertan ezagutu baitzuten MONTAUK. Eleberri honi eta literaturari keinu hau eginez, Montauk taldearen kantuetan hitzek duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, ez baitira lerroak osatzeko aitzakia hutsa.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.