Gasteiz Hobetuz programak guztira herritarren 203 proposamen jaso ditu. Programa horren bidez hiru milioi euro bideratuko dira herritarrek aurkeztu eta bozkatutako proposamenak garatzeko.
Gasteiztarren eskakizunak anitzak izan dira. Gehienak ingurmenari eta espazio publikoari lotutakoak izan dira eta besteak beste, Frantzia, Tenerias, Domingo Beltran, Olaguibel eta Diputazio kaleak berritzea eskatu dute gasteiztarrek. Era berean, Zadorraren ibaiertza berreskuratzeko proposamena egin dute, baita ibaia nabigagarria egitea ere. Trafikoari lotuta, Amerika Latina errotondatik pasatzen dena lurperatzea aurkitzen da eskakizunen artean. Hiri ortu, bidegorri eta bizikletak gordetzeko guneak ere eskatu dituzte gasteiztarrek.
Zoo bat, OHZ ez igotzea, Lakuako heliportua hobetzea, txakurrei zerga bat ezartzea, DNA banku bat sortzea, Parkour parke bat, Emakumeen Etxea eta sormena sustatzeko Makespace gunea aurkitzen dira bestelako gaien artean. Ikusi proposamen guztiak: Gasteiz Hobetuz-herritarren proposamenak
Bideragarritasuna eta bozketa
Orain proposamenak dagozkien sailetara bidaliko dira, azkenean bozkatuko diren proiektuen bideragarritasuna frogatu dezaten. Irizpide hauek bete beharko dituzte proposamenek: interes orokorrari begiratzea, udal eskumenekoa izatea, aurreikusitako aurrekontua ez gainditzea eta gauzatzeko modukoa izatea. Irailean, Udalak proiektu bideragarriak ezagutaraziko ditu eta proposamena egin dutenek jendaurrean aurkezteko aukera ere izango dute. Azkenik, bozketa egingo da, irailaren 26tik urriaren 9ra arte eta boto gehien jasotzen dituzten hiru proiektu gauzatuko dira.