Gasteizko txosnen egitarau osoa aurkeztu dute

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 15a, 12:24
Argazkia: Erlantz Anda.

Ska, rock eta reggae doinuak eskainiko dituzte campusaren jai-eremuan; "Transzeledontziaren" jaitsiera ere antolatu dute.

Hogeita hamar jarduera baino gehiago antolatu ditu Gasteizko Txosna Batzordeak aurtengo jaietarako. Abuztuaren 4tik 9ra bitartean, bertsoak, dantzak, umeentzat jolasak eta kontzertuak egongo dira Unibertsitatearen gunean. 

Gasteizko hamabost gizarte-mugimenduk baino gehiagok parte hartzen dute txosnetan, eremu askotarikoak: euskalgintza (AEK, Euskal Herrian euskaraz...), ekologismoa (Fracking ez...), gazte-mugimendua (Gaztetxea...), kultura (TMEO...) eta feminismoa, besteak beste. Azken hilabeteetan buru-belarri aritu dira egitaraua antolatzen, eta gaur goizean aurkeztu dute Xen eskainitako prentsaurrekoan. 

Ska, reggae, punk eta erromeria

Musika-eskaintzari dagokionez, askotariko estiloak entzun ahal izango dira campusean: Kataluniako La Gran Pegatinaren runba doinuak, En Tol Sarmiento arabarren ska dantzagarria, Bartzelonako Lagrimas de Sangre boskotearen rap borrokalaria eta Akerbeltz erromeria taldearen bertsioak, baita Capsula hirukote bilbotarraren garage musika. 

Las Tea Party dj-ak berriz etorriko dira Gasteizera abuztuaren 9an, eta egun horretan bertan aurtengo berezitasunetako bat bizi ahal izango dute txosnetara gerturatzen direnek: Zeledoni agur esateko egun berean, Transzeledontziaren jaitsiera izango da txosnetan, 18:30ean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide