Landazuri ikastetxeak jantokirik gabe jarraitzen du

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 13a, 17:43

Arazoak egon dira behin behineko jantokiaren lizitazioarekin eta zentroko gurasoen elkarteak salatu du oraindik ez dakitela datorren ikasturtean jantoki berria izango duten ala ez.

Gasteizko Landazuri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak jantoki propiorik gabe jarraitzen duela salatu dute gurasoen elkarteak eta zentroak berak. Hasiera batean, ikastetxea sortu zenean, Santa Maria ikastetxeko jantokia erabiltzen zuen. Denborarekin eskaria handitu zen eta Landazuri ikastetxeko atzealdean behin betiko obra egin bitartean, Eusko Jaurlaritzak bi zentroek elkarbanatzen duten patioan jantoki aurrefabrikatu bat eraikitzea proposatu zuen. Gurasoek behin behineko aukera hau onartu zuten. Hiru hilabeteko atzerapenarekin, baina azkenean, 2015eko azaroan modulu hauen instalazioa egin zuten. Hala ere, jantokia oraindik ez dagoela prest salatu du Landazuriko gurasoen elkarteak, jantokia martxan jartzeko behar diren ontziteria eta makinen horniduraren lehiaketa geldirik dagoelako. "Kontratuaren tramitazioan egon diren akatsen eraginez, Eusko Jaurlaritzak 2016ko martxoan gelditu zuen esleipen hau. Ondoren, apirilean eskaintzailetako batek helegitea aurkeztu zuen eta Eusko Jaurlaritzak arrazoia eman zion. Horren eraginez, momentu honetan lehiaketa onartzeko fasean dago".

Landazuriko gurasoek zein zentroak Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri direla adierazi dute, baina kasu gehienetan erantzunik ez dutela jaso kritikatu dute. "Ikasturtea amaitzeko 8 egun falta direnean, ikastetxearen zuzendaritzak baieztatu digu Eusko Jaurlaritzak lizitazioa berrartu duela, baina ez dugu jaso baieztapen ofizialik". Egoera honen aurrean, oraindik ez dakite datorren ikasturtean jantoki-zerbitzu berria izango duten ala ez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide