Gasteizek Alberto Schommer argazkilari gasteiztarraren obra bilduko duen gune kulturala izango du. Horrela iragarri du Estibaliz Cantosek, Kultura zinegotzi berriak. Artista gasteiztarraren lana izango da zentro berri honen oinarria eta Udal Artxibategian dagoen argazki funtsa gizarteratzea bilatuko du. Oraindik ez dute zehaztu zein izango den zentro berri honen kokapena.
Udalak orain martxan jarriko duen ekimena ez da berria, izan ere, Alfonso Alonsoren garaian proposatutako ideia bat da.
Alberto Schommer
Gasteizen jaioa, Albrecht Schommer Koch, medikua eta argazkilari alemanarraren semea izan zen. Gazte zelarik, Alberto Schommer pintatzen hasi zen, baina zinemaren eta argazkilaritzaren inguruko interes handia ere bazuen garai hartan. Ondoren, argazkilaritza ikasi zuen Alemanian eta Frantzian. Bere obra nazioarte mailan erakutsi da eta hainbat dira bere bizitzan zehar jaso dituen sari garrantzitsuak. Duela hiru urte, esaterako, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen. 1994ean Arabako Urrezko Domina jaso zuen, Arabako Foru Aldundia ematen duen saririk garrantzitsuena.
Erretratuak dira argazkilariaren lanik ezagunenak, El Pais egunkarian egiten zuen kolaborazioari esker publikora zabaldu zirenak. Erretratu hauek batez ere pertsonaia publiko eta ezagunei egindakoak izan ziren, hauen artean, Andy Warhol artistari egindakoa dago. Argazkilaritza mota hau lantzeko zuen modu bereziak oihartzun handia izan zuen 70. eta 80.hamarkadetan eta bere argazkiak Trantsizioaren kronika bisuala bilakatu ziren.
Gasteizko Adurtza auzoan bere izena duen kalea aurkitzen da eta Florida pasealekuan, aldiz, monolito bat. 2015eko irailean zendu zen.