Alde Zaharreko etxarteak ezagutzeko bisita gidatuak

Erredakzioa 2016ko eka. 9a, 14:23

Erdi Aroko etxeetako letrinak ziren etxarteak. Orain Turismo Bulegoa eta Gaia talde ekologistaren eskutik, ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Turismo Bulegoak, Gaia talde ekologistarekin batera, Alde Zaharreko etxarteetara bisita gidatuak egiten hasi da. Irailera arte egingo dira, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Izen-ematea

Turismo Bulegoan eman beharko da izena, bisitaren aurretik, astelehenetik osteguna. Hauxe da bisiten ordutegia: ostiraletan, 17.15ean euskaraz eta 17.30ean gaztelaniaz; larunbatetan, 11.45ean euskaraz eta 12.15ean gaztelaniaz. Gutxienez sei pertsona beharko dira taldea osatzeko, eta bakoitzak sei euro ordainduko du.

Erdi Aroko letrinak

Etxarteak Erdi Aroko Hiriguneko etxeetako letrinak ziren, eta edateko ura eta saneamendua iritsi zirenean zabortegi huts bihurtu ziren. 2007an, Gaia talde ekologistak espazio horiek edertzeko ekimen bat aurkeztu zion Udalari, eta udal agintariek ontzat jo zutenez beren gain hartu zuten haiek berreskuratzeko eta bizilagunen gozamenerako egokitzeko lanak.

Txoko historiko horiek ezezagunak dira herritar gehienentzat, eta bisitaren bidez etxeetan urik ez zegoenean hirietan nola bizi ziren ikas dezakete: hondakin organiko guztiak etxartera botatzen ziren, eta bertan ur putzu bat izaten zen, edateko ez izan arren garbitzeko balio zuena. Euriak kantoietaraino eramaten zituen ur zikinak, eta gero Zapardiel errekaraino –mendebaldeko aldapan– eta Erroten errekaraino –ekialdean– jaisten ziren. Putzu horietatik ura duen bakarra geratzen da, Putzuaren Etxartekoa hain zuzen, gainerakoak itxita baitaude.

Landare naturalak berreskuratutako espazio batean

1880. eta 1900. urteen bitartean edateko ura Alde Zaharreko ia etxe guztietara iritsi zen, eta hustubideak etxarteetara zuten komunak instalatzen hasi ziren. Etxarteak 1875etik zeuden kanalizatuta, kolera izurritearen ondorioz.

1900. urtetik aurrera itxi egin ziren eta etxarteak zabortegi bihurtzen hasi ziren, bertako biztanleek bertara zaborra botatzen baitzuten, eta espazio publikoa hartzen zuten legez kanpoko eraikuntzak egiten hasi ziren. Izan ere, patioak ez bezala, etxarteen espazioa Udalarena da.

1970ean, lehengo haritzezko ateen ordez burdinazko xaflaz egindakoak jarri zituen Udalak, eta txukundu egin zituen etxarteak. Hori izan zen azken esku-hartzea 2007an etxarteak berreskuratzeari ekin zion arte, landare naturalak jarrita auzokoentzat leku atseginak izan zitezen, beste erabilera batzuk emateaz gain.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide