Urteurren berezia izango da aurtengoa Gasteizko Adurtza ikastolan. Larunbatean ospatuko dute eskolaren hogeita hamargarren urtemuga, eta hitzordurako auzolan berezia egin dute ikasleek eta gurasoek: gaztetxoen marrazkietatik abiatuta, buruhandiak egin dituzte elkarlanean, David Tavares diseinatzailearen eskutik.
Historia luzea du honezkero Adurtza auzoko ikastola publikoak. Lehenengo umeak Armentian hasi ziren, Oblatas komentuan, Banbi eta Odon Apraizeko ikasleekin batera. Duela hogei urte, ordea, Hezkuntza Zerbitzuak Aldunditik Jaurlaritzara igaro ziren, eta Oblatasen zeuden Adurtzako ikasleak Mirentxu-Guruzmendi ikastetxera eraman zituzten. A eta B ereduak elkarturik zeuden orduan eta, Administrazioarekin etengabeko negoziazioak egin ondoren eta hainbat gainbehera gaindituta, Gasteizko hegoaldean ikastola osorik euskaldun bat sortzea lortu zuten familiek, gaur egun kokatua dagoen eraikinean bertan. Urteetan zehar, Arabako beste herri batzuetako ikasleak hartu ditu ere eskolak, Urizaharra, Trebiñu, Manzanos, Beranturi, Okina eta Otazu kasu.
Larunbatean, hogei urte hauek guztietan egindako lana ospatzeko urtemuga-jai ireki bat antolatu dute, goiz eta arratsaldez eskolan bertan. Umeentzat jolasak eta kirol-txapelketak antolatu dituzte besteak beste, baina aurtengo nobedade nagusia beste bat da: auzolanean egindako buruhandiak.
Ideia hori nola sortu zen azaldu du David Tavares panpin-egileak Alea FM irratsaioan, Radio Vitorian: "Buruhandiak nire kasa egiten hasi nintzen, seme-alabekin jolasteko; halako batean, eskolako ospakizun batean erakustea proposatu nion eskolako jai-batzordeari; ideia gustatu, eta aurtengo urtemugarako lantegi bat antolatzea erabaki genuen".
"Eskola egiteko modu bat"
Buruhandien balioa panpinez haragokoa dela azaldu du Tavaresek: izan ere, "ikasle, guraso eta, neurri batean ere, irakasleen artean elkarlanerako aritzeko" aitzakia polita izan da. "Parte-hartzea sustatzeko tresna bat izan da, ikastola eraikitzeko beste modu bat lantzeko". Jatorriko diseinuak umeek eurek egin dituzte: "Lehiaketatxo bat antolatu genuen, diseinurik politenak aukeratzeko; ondoren, ederrak izateaz gain egingarriak zirenak hautatu genituen". Izaki beldurgarriak behin eginda, izenak aukeratzeko prozesuan murgildu dira, hori ere modu parte-hartzailean egingo baitute Adurtzan. Emaitza larunbat honetan erakutsiko dute ikastolan.
Baratza aretoan ikusgai
Ikastolako ekimen honetaz harago, buruhandi-egile oparoa da David Tavares gasteiztarra. Bere panpinak, katamaloak, izaki mitologikoak eta objektu bizigaiak Gasteizko Baratza aretoan daude dagoeneko ikusgai (Aldabe plazan), ekainaren 30era arte, Burugabekeriak izenburupean. Urte hauek guztietan egin duen lana ezagutarazteko, www.burugabe.com webgunea du ere Gasteizko artistak. Larunbat honetan, ordea, auzolanean egindako panpinak izango dira protagonista, Adurtza ikastolan.
Jaiaren egitaraua
Ospakizunari 10:30ean hasiera emango diote Adurtza ikastolan. Esku pilota, pata eta putxea eta boleibola izango dira ordu horretan. Ondoren, 11:30ean ponpa eta makillaje tailerrak egongo dira eta keramika erakusketa. 12:30ean, euskal dantzak eta ordu erdi beranduago street dance-a. Ostean herri bazkaria egingo dute eta arratsaldea alaitzeko, 16:30ean disko txikia prestatu dute, Sustrai Doinuak-ekin. Horrez gain, goiz osoan zehar munduko jolasak, zezen mekanikoa, futbolin erraldoia, buruhandiak, puzgarriak eta artisauka izango dira.