Gasteizko herritarrek 160 proposamen aurkeztu dituzte Gasteiz hobetuz programaren bitartez. Gaiei dagokienez, proportzio handiena trafiko eta mugikortasunarekin zein ingurumenarekin lotutakoa izan da (% 18 biak), azpiegiturekin (% 16) eta bide publikoarekin (% 15).
130 online aurkeztu dira, eta gainerakoak, herritarrei laguntzeko bulegoetan. Denak udalerrian bizi diren pertsonek aurkeztu dituzte (hiru Nekazaritza Eremukoek), eta batez ere Lakua-Sansomendikoek (%19), Zabalgunekoek (%18) eta Aranbizkarra-Salburukoek (%13).
Adin guztietako pertsonek hartu dute parte, eta nabarmengarria da horietako 23 (% 14,3) haur eta nerabeek aurkeztu dituztela. Proposamen zehatzak (kaleak, bidegurutzeak, azpiegiturak) edo orokorragoak (programa osoak) izan dira. Aurkeztutako 27k baino ez dute zerrenda lagungarririk erantsi, baina horiek orotara 504 pertsonaren sinadura bildu dute. Gainerakoak banakoek aurkeztu dituzte.
Uztailaren 15era arte, udal sailetako teknikariek aztertuko dute proposamenen bideragarritasuna, eta egiaztatu beharko dute interes orokorrekoak eta udal eskumenekoak direla, ez dutela aurreikusitako aurrekontua gainditzen eta egingarriak diren. Irailean, Udalak proiektuen berri emango du web-orriaren, hedabideen eta erakusketen bidez, eta bozketa egingo da, irailaren 26tik urriaren 9ra bitartean. Herritarrek gehien konbentzitzen dituzten hiru proiektuen alde bozkatu ahalko dute. Guztira, 3 milioi euro bideratuko ditu Udalak herritarren proposamenak gauzatzeko.